Harrera familiak behar dira Gipuzkoan, 75 haur eta nerabe hartzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak 848 adigabe ditu tutoretzapean, eta horietatik 303 harrera familietan bizi dira dagoeneko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak beharrean dauden haur eta nerabeak etxean hartzeko prest dauden familien beharra nabarmendu du, eta horrekin batera, sentsibilizazio kanpaina berri bat abiatu du. Gaur egun, Gipuzkoan, 75 adingabek behar dute harrera familia bat bertan bizitzeko; horietako zazpik premia berezia dute, gainera. Guztira, Gipuzkoako Foru Aldundiak 848 adigabe ditu tutoretzapean, eta horietatik 303 harrera familietan bizi dira dagoeneko.
Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, harrera familiek Gipuzkoaren “baliorik onenak gorpuzten dituzte”, norbaiti etxeko atea irekitzeak “esanahi sakona” baitu gure kulturan. “Gipuzkoa komunitate solidario eta arduratsu bat da, herritar ororen ongizate integrala zaintzen duena, pertsonarik zaurgarrienak babesteko konpromisoa hartu eta antolatzen dena”, adierazi du, eta honako hau gaineratu: “Adingabeen ongizatea bermatzea etorkizunera begira komunitate gisa egin dezakegun gauzarik garrantzitsuenetariko bat da”.
Edozein izan daiteke harrera familia
Aurkeztu berri duten kanpaina honek harrera familiei buruzko estereotipoak hausten ditu, eta mezu argi bat zabaltzen du, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak adierazi duenez: “Edozein familia izan daiteke harrera familia, edozein dela ere haien tamaina edo egitura. Ez dio axola bakarri bizi ote zaren ala zure etxean bi, hiru, lau edo bost ote zareten. Garrantzitsuena da haur bakar batek ere bakarrik hazi behar ez izatea”.
Familia harreraren programari buruz gehiago jakin nahi dutenak 682-55 44 33 zenbakiaren bidez jar daitezke harremanetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, edo webgune ofiziala bisita dezakete informazio gehiago eskuratzeko.
Familia harreraren modalitateak
Hiru harrera mota daude: larrialdikoa, gehienez ere sei hilabetekoa, berehalako ebaluazio egoeretarako; aldi baterakoa, bi urtera artekoa, jatorrizko familiak errekuperatzeko aukera duen kasuetarako; eta iraunkorra, epe laburrean itzultzeko aurreikuspenik ez dagoenerako. Adin nagusitasunera iristean, bizikidetzak aurrera jarrai dezake bi alderdiek hala nahi badute, helduarorako trantsizioan lagunduz.
Edozein pertsonak edo familiak eska dezake harrera familia izatea, egonkortasunaren, osasunaren, aldeko ingurunearen, enpatiaren eta konpromisoaren baldintzak betetzen baditu. Aldundiak nabarmendu duenez, neurri hori “funtsezkoa” da haur kalteberei babes ingurune bat, afektua eta etorkizunerako aukerak eskaintzeko.