Jamaikatik Chicagora, Donostiatik
1960ko hamarkadaren bueltako musika beltzak Dabadaba aretoa bete du bigarren urtez jarraian, Mojo Workin' jaialdiaren eskutik. Keith & Tex eta John Primer mitoak ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek.

Mojo-a deitzen zaie hoodoo izeneko praktika espiritualekin lotutako amuletoei, konjuru batzuk erabilita helburu jakin batekin “lanean” jartzen direnak. XIX. mendean, AEBetako hegoaldeko esklabo beltzek sortu zuten hoodoo-a, eta komunitate horretatik sortu zenez blues musika, hoodoo-a, mojo-ak eta horren inguruko beste hainbat elementuren inguruan mintzatzen dira blues abesti klasiko asko eta asko. Ezagunena Got My Mojo Working da, Ann Colek 1956an grabatutakoa eta Muddy Watersek hurrengo urtean ospetsu bihurtutakoa. Abesti horretatik datorkio izena asteburu honetan hamabigarrenez egin duten Donostiako Mojo Workin’ jaialdiari. Eta asteburuan bizitakoaren ondoren, argi esan daiteke: mojo-a lanean dauka Mojo Workin’ jaialdiak, gutxitan entzun daitezkeen maila handiko doinuak ekarri baititu Donostiara, beste behin ere. Dabadabako kontzertuak oso arrakastatsuak izan ziren, baita ondorengo Bukowskiko DJ saio luzeak ere.
1960ko hamarkadaren bueltako musika beltza izan du hizpide beti Mojoak, batez ere estatubatuarra, baina ez soilik, Arkaitz Kortabitarte Punko antolatzaileak hedabide honetan joan den astean azaldu zuen moduan, hainbat geldialdi egin behar izan baititu jende askok bluesera iritsi arte: punka entzuten hasi, bat-batean ska bertsio bat entzun, ska revival mugimenduan murgildu, soul bertsio batera iritsi, sakondu eta bluesera heldu. Hain zuzen ere, reggae, ska eta rocksteady doinu jamaikarrena izan zen ostiraleko gaua Dabadaban.
The Magnetophones talde zaragozarrak ireki zuen gaua, The Specials, Madness eta Bad Manners taldeen estiloko ska eta reggae doinuekin, 1960ko hamarkadan Jamaikako musikan eragina izan zuten soula, rhythm & bluesa eta tarteka funka atzean utzi gabe. Aretoa dantzan jarri zuten aragoiarrek, eurek azaldu izan duten moduan, reggae eta boogaloo estiloak nahastuta ateratzen den reggaeloo-arekin —hala du izena 2019an argitaratu zuten diskoak—.
Ez ziren faltatu Big Mama, Dragonflies eta Sexy Bombom-en moduko abesti arrakastatsuak, ezta Boogie in My Bones dantzagarria ere, goraino betetako Dabadaba saltoka jarri zuena. Erritmo bizikoa ez ezik, aldarrikatzailea ere bada The Magnetophones taldea, eta hori argi erakutsi zuten Antiracist abesti indartsuarekin. Eta, amaieran, bide orri argi bat eman zieten ikusleei: “Osasuna, muxuak, amodioa, antifaxismoa eta musika beltza”. Hala izan bedi.

Rudy Millsek hainbat abesti jo zituen Keith & Texekin batera ostiralean Mojo Workin’ jaialdian.Juan G. Andrés
Ordubete pasatxoko kontzertua eman zuten aragoiarrek, eta behin motorrak berotuta, orduan bai, zaleak prest zeuden Keith & Tex mito jamaikarrak ikusteko. 1960ko hamarkadatik rocksteady musika egiten daramaten arren, forma onean jarraitzen dutela erakutsi zuten jamaikarrek (Keithek, bereziki), The Steadytones alemanek lagunduta eta, tarteka, Rudy Mills jamaikarraren parte hartze indartsuarekin.
Amaieran, bide orri argi bat eman zien ikusleei The Magnetophonesek: “Osasuna, muxuak, amodioa, antifaxismoa eta musika beltza”
Rocksteady Got Soul Revue ikuskizuna da bikotea Rudy Millsekin hiriz hiri eskaintzen ari dena eta Donostian ere hori eskaini zuen, 1950ko hamarkadatik zetorren Jamaikako reggaetik hasi eta AEBetako soul eta rhythm & blues doinuek 1960ko hamarkadatik aurrera irla karibetarreko musikan izan zuten eraginera arte. Bizitza oso bat darama bikoteak rocksteadya mundura zabaltzen, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, emanaldian argi gelditu zen moduan. Musika jamaikarraren esentzia guztia transmititu zuten This Is My Song eta Stop That Train-en moduko klasikoekin eta areto guztia dantzan jarriz amaitu zuten ordu eta erdi pasatxoko kontzertua.
Blues, blues, blues
Ostiraleko gaua ona izan bazen, larunbatekoa ez zen atzean gelditu. Oraingoan, ordea, blues doinuek hartu zieten lekukoa reggae doinuei, John Primer bluesman historikoaren emanaldia kontzertu nagusia izanik.
Micky & The Buzz bilbotarrek ireki zuten gaua, Micky Paiano abeslari italiarra buru, Dabadaba bete zuten 300 lagunak dantzan jarriz. Blues klasikotik abiatuta, jump bluesa, rock-and-roll basatia eta rhythm & bluesa jorratzen ditu taldeak, kontrolatutako kutsu kaotikoko emanaldi bizi eta aldarrikatzailearekin. Zuzeneko indartsua dute bilbotarrek, saxofoi eta gitarra doinu biziengatik eta, batez ere, agertokia betetzen duenn Paiano abeslariarengatik. Ordubete eskaseko kontzertua eman zuten, ia geldialdirik gabe, giro ezin hobean eta baina gutxi jartzeko aukera eman zuena. Bereziki nabarmentzekoak Coffe to Go, Back from Hell eta euren EP bati izena ematen dion Strong Woman abestien zuzenekoak, baita Cindy Lauperren Girls Just Want to Have Fun kantaren bertsioa ere.
Jarraian, Chicagoko blueseko banda formazio klasiko bat igo zen oholtzara: bateria, baxua, gitarra eta harmonika. Ez zen, ordea, nolanahiko banda: John Primer Mississippin hazi eta hezitako bluesaren mitoa zuen buru, Quique Gomez harmonika jotzaile madrildarraren maila handiko taldeak lagunduta. Soinuarekin arazo tekniko batzuk izan ostean, laster eroso sentitzen hasi zen Primer, eta, bere 80 urteekin, bluesa zainetan daramala erakutsi zuen.
Muddy Waters, Junior Wells, Buddy Guy eta Magic Samen moduko bluesman handien gitarrista izandakoa da Primer, baita aspaldi bakarkako ibilbidea garatzen hasitakoa ere. Ez zen doinu modernorik edo fusio edo esperimenturik espero, eta ez zen halakorik egon, ezta behar ere. Chicagoko blues mardula nahi zuten zaleek, eta hori eman zien Primerrek: Hoochie Coochie Man, Mannish Boy eta beste klasiko ugari klasiko horiek argia ikusi zutenean horiek jotzen ari zenaren eskutik eta ahotik entzuteko aukera izan zuen Dabadaba bete zuten zaleek, baita beste hainbat abesti propio ere.

John Primer bluesaren mitoak (ezkerrean, gitarrarekin) Quique Gomez harmonika jotzailearekin jo zuen larunbatean Mojo Workin’ jaialdian.Juan G. Andrés
Emanaldiaren amaiera aldera, Chicagoko doinuak bat-batean balada batekin tartekatu zuen Primerrek; akaso, hori izan zen jendea gutxien mugiarazi zuen unea. Laster itzuli zen blues elektrifikatuaren estilo gorenera eta, noski, Got My Mojo Working-ekin itxi zuen emanaldia, zale guztiekin batera abestuz eta dantzatuz.
Ez zen doinu modernorik edo fusio edo esperimenturik espero, eta ez zen halakorik egon, ezta behar ere. Chicagoko blues mardula nahi zuten zaleek
Ez dakigu Primerrek mojo bat duen lanean edo, besterik gabe, bluesa edukitzeak ematen dion forma ezin hobe hori, baina edozein blues zalek ikusi nahiko lukeen kontzertua eskaini zuen Dabadaban, eta ez dira halako mito bat hemen ikusteko askoz aukera gehiago egongo: “Donostian Mississippiko benetako ‘bluesman’ bat ikusteko azken aukera izango da”, esan zuen Punkok joan den astean hedabide honetan.
Hala bada, zorionekoak han egon ginenok, eta, beste aukerarik bada, ziur aski, Mojo Workin’-ari esker izango da, nori esker, bestela? Pandemiako kalteak gainditu ostean, edozer gainditu dezake orain jaialdiak. Jarrai dezala, beraz, Mojo Workin’-aren mojo-ak lanean, hiriarentzat ezinbestekoak baitira halako jaialdi txiki eta bereziak. Eta, Mojo Workin’-erako eta, oro har, bizitzarako, ez ahaztu The Magnetophonesen bide orria: osasuna, muxuak, amodioa, antifaxismoa eta musika beltza.