Manifestazioa egingo dute ostegunean Gizarte Ekintzako langileek, «beharrezko baliabideak» eskatzeko

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako langileek aurreikusita zituzten lau lanuzteetatik azkena egin zuten aurreko astean, lan baldintza hobeen alde. Aste honetan, ostegunean (hilak 27), manifestazioa egingo dute 12:00etan, Bulebarretik abiatuta.
Gizarte Ekintzako langileek komunikatu batean nabarmendu dutenez, donostiarrei egoera zailetan laguntzeko daude, baita eguneroko bizi kalitatea errazteko eta hobetzeko ere. Horretarako, “ezinbestekoak” diren zerbitzuak kudeatzen dituzte, hala nola, etxez-etxeko laguntza, ezintasun eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako baliabideak, haurrentzako arreta psikologikoa eta goiztiarra, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen arreta zerbitzua, zailtasun eta bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako baliabideak eta adinekoentzako zerbitzuak, besteak beste.
Jakinarazi dutenez, azken bost urteetan gizarte zerbitzuen eskaria %21 hazi da, “ez ordea kalitatezko arreta mantentzeko beharrezkoak diren baliabideak”. “Urteak daramatzagu neurriz kanpoko lan karga jasaten, eta kasu askotan ezinezkoa egiten zaigu gure lana behar den bezala egitea: jasotzen ditugun deien %50 baina gehiagori ezin diegu erantzun, gizarte langilearekin hitzordua izateko asteak itxaron behar ditu herritarrak, laguntza ekonomikoak jasotzeko atzerapenak daude ezin ditugulako kudeatu, psikologoek ezin dute haurtzaroko kasuak beharko luketen jarraipena egin, familiei ostaturik eman ezinik gabiltza…”, salatu dute langileek.
Horrela, egoera “jasanezina” dela nabarmendu dute. “Itsasontzia hondoratzen ari da, eta arduradunen pasibotasunaren aurrean mobilizatzen hasi gara, helburu batekin: erreakzionatu dezatela. Hitz jarioa alde batera utzi eta berandu baino lehen beharrezko baliabideak jarri ditzatela eta gizarte zerbitzu publikoak salbatzeko eskatzen diegu”, adierazi dute.
Erantzunik ez
Hainbat astez mobilizatu badira ere, deitoratu dute ez dutela erantzunik jaso Eneko Goia alkateren partetik, ezta Gizarte Ekintzako zinegotzi Maria Jesus Idoetaren aldetik ere. Hori dela eta, Gizarte Ekintzak herritarren babesa eskatu du, eta osteguneko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute, “gizarte zerbitzu publiko, duin eta kalitatezkoak berreskuratu eta bermatzeko”.
Azaldu moduan, ostegunean elkartuko dira, 12:00etan, Bulebarrean.