«Lokala eta bertako eragile guztien materiala itzultzea» exijitu dute Birundako kideek
Joan den asteko kaleratze "ilegala" salatzeko, manifestaziora deitu dute ostiral arratsalderako.

Joan den asteazkenean, Parte Zaharreko Abuztuak 31 kaleko Birunda gune autogestionatuan kaleratzea gauzatu zuten: ustez, berriki lokalaren jabetza eskuratu dutenek sarrailagileak bidali zituzten; Ertzaintzak babestuta, leihotik sartu eta lokaleko sarraila aldatu zuten. Operazioa “ilegala” izan zela salatu zuten egunean bertan Birundako kideek, euren aldeko epai bat eskuratu dutelako duela gutxi. Horregatik, hain zuzen ere, manifestaziora deitu dute ostiral honetarako (hilak 28), 18:30ean, Bulebarretik abiatuta.
Manifestaziora begira, joan den astean gertatutakoa salatzeko ohar bat helarazi dute Birundako kideek: Duela hilabeteak, sententzia bat jaso genuen Gipuzkoako Auzitegitik. Bertan, Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak ezarritako usurpazio delitutik absolbitzen gintuen; espazioa modu legalean erabiltzen ari gara, beraz. Orain, espaziorako eta barruan dugun material guztirako sarbidea ukatzen zaigu”. Horregatik, “lokala eta bertako eragile guztien materiala itzultzea” exijitu dute.
Kaleratzearen ondorioz, Birunda erabiltzen zuten pertsona eta eragileen “jarduera guztia gelditu” egin dela deitoratu dute: “Erabil genezakeen auzoko espazio bakarretik umezurtz geratu gara”. Horregatik, “legez kanpoko hustearen arduradunak” seinalatu dituzte; zehazki, lokalaren jabea, sarraila aldatu zuen sarrailagintza enpresa eta operazioan parte hartu zuten ertzainen arduradunak. Era berean, salatu dute “Donostiako Udala, hasieratik, kaleratzea gerta zedin presioa egiten” aritu dela: “Agerian utziz turistifikazio eta gentifrikazioaren aldeko apustua egiten duela, herritarren arnasguneak suntsituz eta herritarrak Parte Zaharretik kanporatuz”.
Urte eta erdi
2023ko urrian ireki zuten Birunda gune autogestionatua, Donostiako mugimendu autonomoetan ibilitako hainbat lagunek okupatu eta txukundu ostean. Lehendik jatetxe bat izan zen, baina jabeak zituen zorrak zirela eta —hainbat lokal zituen enpresaria zen jabea—, hutsik eta egoera txarrean zegoen. Zazpi printzipio politiko argirekin ireki zuten gunea: transfeminismoa, antikapitalismoa, antiautoritarismoa, antiespezismoa, antifaxismoa, antirrazismoa eta internazionalismoa.
Urte eta erdi honetan, askotariko kultur jarduerak antolatzen aritu dira eta, antolaketa politikorako eta erresistentziarako gunea ere izan da: “Espazioak auzoko hainbat ekimen eta erakunde hartu ditu. Auzoari ematen zaion erabilera turistiko eta aisialdikoarekin kontrastean, Birunda alternatiba bat da eta izan da auzotik eta auzokoentzat espazio bat izateko. Bilera, antolakuntza, zinema, antzerkia, musika, bertso eskola, abesbatza, euskara klaseak izan dira eta beti egon da zabalik behar zuen edozein ekimen eta talderentzat”, nabarmendu dute kideek.