Akordioa lortu du ELAk EITBko makillatzaile eta ile apaintzaileentzat

EITBren Miramongo egoitzako makillatzaile eta ile apaintzaileek atzo hasitako greba mugagabea amaitu dute, ELAk akordioa lortu baitu. %8,3ko soldata igoera, lanaldi murrizketa eta subrogazio eskubidea bermatzea lortu dute.
Izan ere, Miramongo egoitzako makillaje, ile apainketa eta karakterizazio zerbitzuko langileek greba mugagabea hasi zuten atzo, martxoak 25, subrogazio eskubidea eta lan baldintzen hobekuntza bermatzea eskatzeko. ELAk subrogazio eskubidea bermatzea lortu du, eta horrela, lanpostuei eutsiko zaie beste enpresa batek zerbitzua esleitu arren.
Akordioak, gainera, %8,3ko soldata igoera jasotzen du 2025erako, eta KPIaren gainetik igoerak 2026-2028 aldirako. Gainera, urteko lanaldia 67 ordu murriztea lortu dute, eta hobekuntza horien aplikazioa blindatzeko klausulak jasotzea, bai eta lan baldintzak mantentzeko klausulak ere, nahiz eta hitzarmenaren aplikazio aldia iraungi.