Donostiako Udaltzaingoak Baionan bi narkotrafikatzaile atxilotzen lagundu du

Donostiako Udaltzaingoa Frantziako Polizia Nazionalarekin elkarlanean aritu da narkotrafikoaren aurkako operazio batean, Baionan. Hiru maletatan 39,1 kilo marihuana zeramatzaten bi gizon atxilotu dituzte.
Operazioa martxoaren 18an hasi zen Donostian, Frantziako Polizia Nazionalak Udaltzaingoari jakinarazi zionean bi gizonen bila ari zirela. Udaltzainek autobus geltokiaren inguruan aurkitu zituzten, eta hiru maleta zeramatzatela ikusi zuten.
Udaltzainek ikertuei buruzko informazioa lortu zuten, eta Frantziako poliziari jakinarazi zioten bi gizonak 14:45ean igo zirela hiru maleta horiekin Tolosara Okzitaniara zihoan autobus batera. Ondoren, Frantziako Polizia Nazionalak ibilgailua geldiarazi zuen, eta maletek 39,12 kilo marihuana zituztela egiaztatu zuen. Beraz, bi gizonak estupefazienteen trafikoagatik atxilotu zituzten.
Atxilotuak Baionara eraman zituzten ostiralean, fiskalaren aurrean deklaratu eta Lapurdiko hiriburuko espetxean sartzeko, epailearen esku utzi arte. Epaileak bi eta lau urteko kartzela zigorra eta Frantziatik hamar urteko kanporatzea agindu zuen astelehenean atxilotuentzat, 68.000 euroko isunaz gain.