Donostian jokatuko da gazte mailako Aurresku Txapelketa

Igandean, hilaren 30ean, gazte mailako Aurresku Txapelketa egingo dute Antiguako Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan. 11:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da. Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra da antolatzailea, Hernaniko Udalaren, Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin.
Guztira 23 dantzari ariko dira lehian, tartean, Xabier Nabaskues donostiarra. Harekin batera ariko dira Aduna, Amasa-Villabona, Areso, Asteasu, Errenteria, Lasarte-Oria, Legazpi, Lizartza, Tolosa eta Zizurkil herrietako dantzariak.
Adinaren arabera, bi sailetan banatuko dituzte. B sailean, 2012, 2013 eta 2014 urteetan jaiotakoak, eta, D sailean, 2010 eta 2011 urteetakoak. Sailaren arabera, dantzariek honako dantzak eskaini behar izango dituzte: B sailekoek, Erribera eta Legazpiko zortzikoa, eta D sailekoek Graziana eta Aurkez aurke (Desafioa).
Epaimahaia, berriz, Mattin Etxebestek, Nahikari Vizuetek eta Xabier Mendizabalek osatuko dute.