Martxoko eguzki eklipsea ikusteko behaketa publiko bat antolatu du Aranzadik

Eguzki eklipse partzial bat ikusi ahal izango da martxoaren 29an, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak behaketa publiko bat antolatu du Zorroagagainan dituen instalazioetan, 10:00etan.
Eguzkia, ilargia eta lurra erabat lerrokatuta geratuko dira, eta horrela eguzki eklipse bat sortuko da. Virginia Garcia Aranzadiko astronomia saileko kideak azaldu duenez, eklipsea partziala izango da, eta eguzkian ikusiko duguna “hozkada” moduko bat da, astro horren goialdean. Eguzkia %22 ezkutatuko da oraingo honetan. Eklipsearen lehen kontaktua goizeko 11:00ak aldera gertatuko da, eta ezkutatze maximoa 11:30ak aldera. 12:30ean izango da fenomeno astronomiko honen amaiera.
Eklipsea behatzeko deialdia 10:00etan izango da, eta ordu horretan astronomia taldeko kideek azalpen bat emango dute zeruko mekanika, eklipseak eta etorkizunean iristeke dauden fenomenoak azaltzeko. Hitzaldia Aranzadiren egoitzan bertan izango da. Ekimena doakoa izango da eta sarrera librea, lekua bete arte.
Azalpen horien ondoren, eta meteorologiak ahalbidetzen badu, saileko kideek euren teleskopioak eskainiko dituzte fenomenoa gertutik bizi nahi duten guztientzat. Ekitaldia 11:00etan hasiko da. Eguraldi txarra badago, eklipsea Aranzadi Zientzia Elkartean bertan egingo da, urruneko programa astronomikoei esker eta gaian adituak direnen azalpenekin behatuko da.
Eguzki eklipse hori behatzeko, Aranzadin ISO 12312-2: 2015 ziurtagiria duten betaurreko homologatuak egongo dira eskuragarri.