Natalia Suarez Ortiz de Zarate artistak parte hartuko du 'Artea abian' programan
Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako egitasmoari esker, artista gasteiztarrak bere lanak erakutsiko ditu lanak San Telmo museoan.

Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak lankidetzan aurrera daramaten Artea abian programan parte hartuko du Natalia Suarez Ortiz de Zarate (Gasteiz, 1994) artistak. Egitasmoaren helburua sormena sustatzea da, ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei bakarkako erakusketa bat atontzeko laguntza eta babesa emanez.
Suarezen lanak olio-pintura eta marrazketa ditu ardatz. Arteari eskainitako dedikazioa ingurukoekin esperimentatzeko, sentsibilitatea garatzeko eta pertzepzioa areagotzeko modu gisa ulertzen du. Bere lan piktorikoari dagokionez, bere jarduna “intuitiboa eta prozesuala” da. Egin nahi denaren, egin daitekeenaren eta egiten denaren arteko tentsiotik ateratzen dira bere margolanak.
Erakusketa abenduan jarriko dute ikusgai museoko Laborategia aretoan. Bilduma azken urteetan egin dituen formatu handiko olio pinturak izango ditu ardatz, norberaren ametsetako kontakizunetatik datozen marrazki batzuk oinarri hartuta.
Suarez Ortiz de Zarate Artea abian programak aukeratutako seigarren artista da, aurretik, Nagore Amenabarro, Oier Iruretagoiena Kimia Kamvari, Mikel Otxoteko eta Xare Alvarezek parte hartu dute.