«Saltoki handien alde egin diren apustu guztiek kalte handia egiten digute»
Zaharrean merkataritza elkarteak 'Alde Zaharrean' abestia eta bideoklipa argitaratu ditu, auzoko tokiko merkataritza suspertzeko helburuarekin. Hainbat aurpegi ezagun ikus daitezke bideoklipean, eta proiektuaren inguruan hitz egin dute Zaharrean elkarteko koordinatzaile Nerea Aiestaranek eta auzoko Enbata dendako Oihane Oronozek.

Zergatik erabaki duzue bideoklip hau egitea?
Nerea Aiestaran (N.A.): Merkatariok ez gara oso entzunak sentitzen Alde Zaharrean, eta era alai batean gure kezka pixka bat aurkeztu nahi genuen, baina positiboki.
Oihane Oronoz (O.O.): Bai. Alde Zaharraz hitz egitean, normalean jartzen zaigun foku ilun hori argitu nahi genuen. Izan ere, Alde Zaharra ez da iluna, eta auzo bizitza handia du.
Parte Zaharraren esentzia mantendu nahi duzuela azaldu duzue aurkezpenean. Zein oztopo daude horretarako?
O.O.: Askotan hartzen diren norabideak. Batzuk erabaki administratiboengatik eta beste batzuk gizartearen bilakaeragatik, baina komertzioa gutxituz doa, eta horrek eragiten du auzo bizitza jaistea. Horrez gain, bizilekuak ere gutxitu egin dira, eta bizilagunik gabe, merkatariok ezin dugu aurrera egin.
Nola bizi duzue merkataritza zuek gaur egun?
N.A.: Merkataritza gabe bizia kentzen da. Azkenean, lokal ilunak dauden lekuetan, ikusten da segurtasun falta dagoela, ez dagoela argitasunik, eta jendea ez dela ibiltzen. Guk auzo bizi bat nahi dugu, eta auzoa bizirik egotea zentzu guztietan. Bizitza sustatu nahi dugu, eta familiak Alde Zaharrera etortzen jarraitzea, ikastola bertan mantentzea… Izan ere, familia guztiek alde egiten badugu Alde Zaharretik, auzoa hutsik geratuko da, eta garrantzitsua da auzoan giro ona mantentzea.
Zenbat denbora daramazue Parte Zaharreko giroaren galera nabaritzen?
O.O.: Hainbat bilakaera daude, baina guri, saltoki handien alde egin diren apustu guztiek kalte handia egiten digute, eta online salmentek ez gaituzte babesten. Horrek edukiz askotan hustu egiten du gertuko merkataritza. Bestalde, bisitari gehiegi ditugu, eta hori kudeatu egin behar da. Ez dago gaizki jendea etortzea, baina kudeatu egin behar da. Hor apustu bat eskatzen dugu, denok bizitzeko aukera izan dezagun, baina komunitatean. Parte Zaharra beti izan da komunitate bat, eta hori mantendu nahi dugu.
Merkataritzak nolakoa izan beharko luke zuen ustez?
O.O.: Plurala eta gertukoa. Azkenean, auzo bat biziko da, agian, bertatik irten gabe ere dena egiteko aukera baldin badago.
Zaharrean elkartean baduzue oinarri sendo bat hori lortzeko, ezta?
N.A.: Bai. Bihar ez dakit, baina gaur, 110 bazkide daude elkartean, merkatariak, zerbitzuak eta ostalaritzako gutxi batzuk zenbatuta. Izan ere, 1978an Zaharrean sortu zenean, beste arazo batzuk zeuden Parte Zaharrean, eta ez ziren soilik merkatariak elkartu. Azkenean, Alde Zaharreko jendea batu zen, eta horregatik daude ostalaritzako batzuk ere, hasieratik daudenak elkartean.
Bideoklipari dagokionez, artista askoren arteko elkarlanaren emaitza da. Nolako garrantzia izan du horrelako proiektu batean lantalde hori izateak?
N.A.: Denak oso prest agertu dira proiektu honetan parte hartzeko. Ez dute eragozpenik jarri sekula, eta dena ondo iruditu zaie. Sekulako alaitasunarekin egin dute, eta asko erraztu dute lana.
O.O.: Guk aukera eskaintzen genien, baina beraiek une oro goragoko maila batean jarri dute proiektua beraien ekarpenekin. Horrela, hobetu egin dute guztia.
Zer egin nahi duzue ‘Alde Zaharrean’ abestiarekin orain?
O.O.: Guk auzoari opari bat egin nahi genion, eta iruditzen zaigu auzoak gauza guztietan erabili beharko lukeela, nahiko balu: eskolako festan, jaietan, edozein txapelketetan… Auzoarentzako abesti bat da, eta norberak nahi duen moduan erabiltzea nahi dugu. Baita jasotzen den mezu hori bakoitzak bere egitea eta zabaltzea ere.
N.A.: Ez genuke abestia galtzerik nahi, zabaltzea baizik. Proiektua handia izan da, urte osoko lana, eta azkenean, jendeak benetan erabiltzea da gure asmoa.