Topoaren trenbidea estaltzearen alde agertu da berriz ere Amara Berriko auzo elkartea
ETSk pantaila babesleak jartzea proposatu du, baina proposamena baztertu du Amara Berriko auzo elkarteak; trenbidea estaltzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dute.

Amara Berriko bizilagunek, auzo elkartearen bidez, urteak daramatzate topoak Amara Berritik igarotzean sortzen duen kutsadura akustikoa salatzen eta trenbidea lurperatu edo estali dezatela eskatzen. Auzo elkarteak azaldu duenez, berriki, Euskal Trenbide Sarea (ETS) Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakunde publikoak Morlanstik Anoetara doan tartean pantaila babesleak jartzeko proposamena jarri die mahai gainean, eta Anoetatik Loiolako Erriberako trukagailura doan proiektuan (idazketa fasean dago) trenbidea estaltzeko proposamena “sartzen saiatzea”. Proposamen hori, ordea, baztertu egin du auzo elkarteak.
Izan ere, “topoaren bideetan behin betiko jarduteko unea” dela uste dute bizilagunek, “topoak sortzen duen kutsadura akustikoaren arazoa konpontzen ez duten partxeetan erori gabe”. “Kontuan izan behar da topoaren igarobidea inauguratu ondoren, Amara Berriko eremua izango dela lur gainean geratuko den bakarra”, gaineratu dute.
Bestalde, nabarmendu dute trenbidea estaltzeko irtenbidea, “hiri garapenari dagokionez lurperatzea baino maila txikiagoko irtenbidea bada ere, dezente merkeagoa da, eta aukera ematen du pasealeku handi bat eraikitzeko egungo bideen gainean; Errondo pasealekua eta San Juan de Dios mendia igarotzeko eta Atano III .a frontoira eta Gasca kiroldegira beste sarbide bat izateko, gaur egun nahiko degradatuta baitago eremua”. Halaber, gogorarazi dute trenbide estaltzea egin dutela duela gutxi Eibarren eta laster egingo dutela Galtzarabordan (Errenteria).
Bilera asko
Amara Berriko bizilagunen aspaldiko aldarrikapena da auzotik pasatzen den trenbidearen zatia estali edo lurperatzearena, auzoan sortzen duen “kutsadura akustikoagatik” eta “inguruko bizilagunen atsedenerako eskubidea urratzen” duelako; besteak beste, kanpaina bat egin zuten 2022ko martxoan auzoan. Horrela, aldarrikapen horri helduta, bilera ugari egin dituzte urteotan agintari politikoekin: “Aurreko legegintzaldian, bilerak izan genituen alkatearekin, ETSrekin eta Eusko Legebiltzarreko azpiegituren batzordearekin. Baita Arriola sailburuarekin izandako korrespondentzia ere”, gogoratu du auzo elkarteak.
Gaineratu dutenez, Eneko Goia alkateak “hasieratik” lagundu zien “irtenbidea bilatzen”: “Zehazki, Morlans-Anoeta tartea lurperatzea eta Anoeta-Loiola tartea estaltzea zen asmoa”. “Bestalde, Legebiltzarreko batzordean agerraldi bat egin ondoren, bertan onartu zen TYPSA enpresari Morlans-Anoeta tarterako konponbide azterlan bat enkargatzea”, gehitu dute.
2024ko hauteskundeen ondoren, Eusko Jaurlaritzako aldaketak zirela eta, Gabonetara arte egon dira “zain”: “Joan den otsailaren 20an, azkenean, bilera izan genuen biekin udaletxean. Bilera horretan, ETSk Morlans-Anoeta tartean pantailak jartzea baino ez zigun proposatu, eta proiektu berrian (idazketa fasean) Anoeta-trukagailua tartean estaldura proposamena sartzen saiatzea.
Hori dela eta, kaltetutako bizilagunekin bilera bat egiteko deia egin genuen martxoaren 18an, eta bilera horretan, gehienak agertu ziren erakundeei bi tarteak estaltzeko eskatzearen alde”.