Zabor bilketa pneumatikoko langileak greban, «hitzarmen propio baten alde»

ELA sindikatuak deituta, hilabeteko greba abiatu zuten Envac Iberia SA enpresako langileek martxoaren 11n, “hitzarmen propio baten alde”. Bilketa Pneumatikoko Sistemaren bidez hondakinak biltzeko Donostiako Udalak azpikontratatutako enpresa da. ELAk azaldu duenez, Donostian ez ezik, Barakaldon, Laudion eta Galdakaon ere azpikontratatuta dago enpresa hori, eta, guztira, hamasei langile ditu. Donostian, Loiolako Erriberan eta Loiolan daude sistema hori erabiltzen duten edukiontziak.
“Aldarrikapen nagusia da egungo lan baldintzak hobetzeko helburuarekin hitzarmen propio bat negoziatzea”, nabarmendu du ELAk: “Gaur egun, langileek Espainiako Estatuko hitzarmenaren mendean daude, 1.789 orduko lan jardunaldiarekin eta soldata prekarioekin”. Era berean, sindikatuak salatu du enpresak “uko” egin diola “EAEn lan baldintzak negoziatzeari”, eta nabarmendu du horregatik jo dutela grebara.
Horrela, mobilizazioak iragarriko dituzte datozen egunetan, enpresak zerbitzua ematen duen udalerrietan. “Grebak irauten duen epean aurrerapausorik eman ezean, ez dugu baztertzen greba deialdia luzatzea”, gaineratu du ELAk.