Amale Arzelusen «oroimenak» eta «ekintzak» liburu batean jaso ditu Jonan Zinkunegi semeak

Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere Oroimenak liburua argitaratu du Jon Andoni Jonan Zinkunegi Arzelusek, Amale Arzelus donostiarraren semeak, amak idatzita utzi zituen Nere oroimenak eta Nere ekintzak testuak bilduta eta bere ekarpen propioak gehituta. Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoarekin argitaratu du lana, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Amale Arzelus irratian euskaraz aritu zen lehenengo emakumea izan zen (Donostia, 1924-2015).
Joan den astean aurkeztu zuten liburua, Aieteko jauregian, eta Sabino Arana Fundazioko presidente Mireia Zaratek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari Ion Gambrak, Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazlea eta argitalpenaren editoreak eta Jonan Zinkunegik berak hartu zuten parte. Liburuak bi bertsio ditu: jatorrizkoa, euskarazkoa, eta jatorrizkoaren itzulpena ez den gaztelaniazkoa.
Arzelusen testuak oinarri
Amaren testuak oinarri hartuta, Arzelus familiak parte hartze garrantzitsua izan zuen Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat kontatzen du Zinkunegik liburuan. Hain zuzen ere, Amale Arzelusen aita, Ander Arzelus Toledo Luzear, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kidea izan zen, eta kultur jarduera ugariren sustatzaile jardun zuen, tartean, antzerki eta irratiarena, beti euskaraz.
Fundazioak azaldu duenez, Luzearren lanak xeheago ageri dira liburuan, eta “arlo politikoaz denaz bezain batean, gerra aurretik EAJn izan zuen jokabidea azaltzen da, geroago pairatutako errepresioa eta egindako lan nekaezina, eta azkenik, diktadura betean, bere lagun Joseba Rezolarekin izan zituen pasadizo batzuk ere. Horrez gain, 1937ko martxoan Luzearrek EAJren Gipuzkoako Idazkaritzaren izenean idatzi zuen eskuizkribu bat eta espetxean komuneko papera erabiliz egin zituen idazki batzuen argazkiak ikus daitezke”.
Amale Arzelus, beraz, giro politiko eta kultural euskaltzalearen inguruan bizi izan zen etxean, gazte-gaztetatik. Horrela, “iburuak Amaleren bizitza pribatuaren eta publikoaren hainbat alderdi” azaltzen dituela azaldu du fundazioak: “Familiari gagozkiola, gerora senarra izan zen Andonirekin izan zituen ezkongai harreman eta bizipenak jorratzen dira, bai eta senar-emazteen gertaerak ere; bederatzi seme-alaba izan zituzten, 1949tik 1964ra; horiek hamaika biloba ekarri zituzten mundura eta azkenek bederatzi birbiloba eman zizkioten familiari.
Eta, noski, liburuak nabarmentzen du irratian euskaraz aritu zen lehen emakume esataria izan zela donostiarra. Era berean, antzerki munduan Poxpolinak taldearekin egindako ibilbidea eta Elbira Zipitriarekin eta beste irakasle batzuekin egindako lana ere jorratzen ditu liburuak. “Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere oroimenak liburua euskal aberriaren eraikuntzan buru-belarri aritu zen emakume ekin eta saiatu horren gorespena da”, nabarmendu du fundazioak.