Barkaiztegiko pasabidea «lehenbailehen» egiteko eskatuko diote Adifi
Azpiegituraren inguruko bi mozio arrunt onartu ditu udalbatzak, martxoko udalbatzarrean.

Martutene eta Barkaiztegi lotuko duen trenbide gaineko oinezkoentzako pasabide berria eskatzen urteak daramatzate bizilagunek. Otsaila bukaeran manifestazio jendetsu bat egin zuten auzoan, eta agintariei eskatu zieten pasabide berriaren lanak azkartzeko bitartekaritza lana egiteko. Martxoko udalbatzarrean, azpiegitura horren inguruko bi mozio arrunt aurkeztu eta onartu dituzte. Horrela, Donostiako Udalak Adifi eskatuko dio Barkaiztegiko pasabidea “lehenbailehen” egiteko.
Eskaera bera egiteko bi mozio aurkeztu dituzte osoko bilkuran. Batetik, puntu bakarreko eskaera bateratua proposatu dute EAJk eta PSE-EEk. Bestetik, bi puntuko eskaera luzatu du EH Bilduk, eta bigarrenak jasotzen du ñabardura desberdin bat. Pasabide berria egin arte, oinezkoen eta bizilagunen arazoei irtenbidea emateko eskatu diote Adifi, udalarekin eta bizilagunekin adostuz hartu beharreko neurriak.
Eneko Goia alkateak otsaila bukaeran adierazi zuen pasabidea 2026. urte hasierarako eraikita egotea aurreikusten dutela. Adifek lanak azkartzen baditu, epe hori zertxobait murriztuko litzateke.