Greba eguna dute gaur, lehenengoz, Gizarte Ekintzako langileek

Greba eguna dute gaur Gizarte Ekintzako langileek, eta 12:00etan manifestazioari hasiera eman aurretik, hainbat adierazpen egin dituzte udaletxearen aurrean, Ijentea kalean.
Langileek azaldu dutenez, Donostiako Gizarte Zerbitzuetako langileak grebara iristen diren lehen aldia da honakoa, “arduradun politikoen erantzunik jasotzen ez dutelako”. Lau lanuzte egin dituzte, eta gaur greba eguna dute, “udalak mugimendurik ez duelako egin”. “Presioa egiten jarraituko dugu, Eneko Goia alkateak eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Maria Jesus Idoetak erantzunen bat eman arte. Erantzunak exijitzen dizkiegu, urteak daramatzagulako gehiegizko lan kargak kudeatzen saiatzen. Egoera jasangaitza da, eta ezin dugu gehiago. Ahalegina egiten badugu ere, baliabide pertsonal eta material gehiagorik gabe ezinezkoa da aurrera egitea. Donostiarrek eskubidea dute kalitatezko zerbitzua jasotzeko”, azaldu du Miren Josune Lezana gizarte langileak.
Horrela, gaur greba eguna dute, baina erantzunik jaso ezean, mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute. Sinadura bilketa bat egiten ari dira, eta baieztatu dutenez, “jende asko ari da sinatzen”. Horrez gain, bulegoetan, erabiltzaileen “animo mezuak” ere ari dira jasotzen Gizarte Ekintzako langileak, eta azaldu dute erabiltzaileek ere ikusten dutela zerbitzuak hobetzeko beharra.
“Telefonoz deitzen dutenean, ezinezkoa da guztiei erantzutea. Berez, gure ereduan jarrita dagoen arretak eta ratioak ezin ditugu mantendu, langile nahikoa ez dagoelako. Hori dela eta, agendak luzatu egiten dira, eta erantzuna ezin da bat-batean eman. Batez ere, ezin zaie eskaini kasu horiek langileei dagokienez eskatzen duten jarraikortasuna eta egonkortasuna”, azaldu du Maialen San Sebastian langileak.
125 langile zeuden gaurko grebara deituta, eta zentro guztiak itxi direla adierazi dute. “Gizarte Ekintzako sail osoa” greban dagoela baieztatu dute: langileek auzoetan banatutako zortzi gizarte zerbitzutan egiten dute lan, Urdanetan dago zentrala, eta Abegi Etxean ere badituzte langileak.
18.000 familia 2024an
Gizarte Ekintzak 18.000 familia artatu zituen 2024an. “Kasu konplexuak daude, eta hori gero zabaldu egiten da, familia batek 1.000 arreta izan ditzakeelako: eduki dezake dependentzia, arreta psikologikoaren beharra, telealarma… asko dibertsifikatzen da arreta”, azaldu dute.
Eskaria azken bost urteetan %21 igo dela nabarmendu dute, konfinamendutik hona, hain zuzen ere. “Etxe kaleratzeek ere zuzeneko eragina dute. Egunero jasotzen dira deiak, eta horri ere ez zaio erantzunik ematen, ez daudelako baliabide materialak familiak kalean ez geratzeko. Arazoa estrukturala da, eta aurreikuspena da arazo hori hazi egingo dela”, deitoratu dute.