Suhiltzaileek euren «zerbitzua modernizatzeko borondate politikoa» eskatu dute

Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute ostegun goizean udaletxearen aurrean, udal batzar aretoan egiten ari ziren martxoko udalbatzarraren testuinguruan, euren egoera salatu eta irtenbide bat eskatzeko.
Gogorarazi dutenez, “urte eta erdi” daramate mobilizatzen, “hiri honek merezi duen Suhitzaileen Zerbitzua lortzeko, herritarrentzat eta langileentzat segurua izan dadin”. Izan ere, salatu dutenez, “udalaren aldetik, urte askotako utzikeria izan da, eta ez da behar besteko aurrekonturik erabili langile, material, ibilgailu eta azpiegitura beharrak asetzeko”.
Suhiltzaileek azaldu dute “urtebete baino gehiago” daramatela “udal gobernuarekin negoziatzen”: “Pazientzia handia izan dugu administrazioak erabiltzen dituen denborak errespetatzeko, baina, zoritxarrez, ez da aurrerapausorik eman. Legeak agintzen duena inbertsioetarako erabiltzea onartu dute, baina oraindik ez da suhiltzaile eta operadore kopurua handitzeko beharrarekin bete”. Udalak txandako hamalau pertsonako “gutxienekoa” onartu dutela aitortu dute, baina salatu dute ez dituela “behar hori betetzeko tresnak ezarri”.
“Oraindik ez dugu plantilla handitzerik izan, egungo egoerak Donostialdeari (Donostia, Pasaia, Hernani, Usurbil, Urnieta, Lasarte eta Astigarraga) dakarkion arriskua eta segurtasun falta estaltzeko”. Hori dela eta, “borondate politikoa” eskatu diete agintariei, “zerbitzu hau modernizatzeko, horrela segurtasun baldintzetan lan egin ahal izateko eta langile nahikoa izateko, herritarrek ordaintzen dituzten zergen araberako erantzun bat jaso ahal izan dezaten zerbitzutik”.
Izan ere, suhiltzaileen arabera, euren egungo egoerak eragin zuzena izan dezake herritarrengan: “Erantzuteko denbora luzeagoa da, beste esku hartze bat artatzen ari garelako edo, denak lanpetuta gaudenez, larrialdia Irungo suhiltzaileek artatu behar dutelako”. Eragin horren beste eredu bat ere jarri dute: “Larrialdi bat duzu, eta lekualdatutako langileak ez dira nahikoa aldi berean hainbat lan egiteko. Adibidez, sute batean suhiltzailerik ez egotea sutea itzaltzeko, eraikinaren barruan pertsonak erreskatatzeko eta fatxadan aldi berean erreskateak egiteko”.
Aspaldiko gatazka
Suhiltzaileak 2023ko udan egin zituzten lehendabiziko mobilizazioak, baina, hedabide honi orduan azaldu ziotenez, 2011tik dator lan gatazka, egungo egoitza inauguratu zutenetik: “Hor, udalak apustu bat egin zuen, eta Easo kaletik hona [Otxoki ibilbidea, 100] etortzeko inbertsio handi bat egin zuen, baina hortik aurrera ez dute nahikoa aurrekontu jartzen honek behar duen progresiorako”