Amara Berrin egingo dute aurtengo 'Zure hiria zaintzen' programa

Donostiako Udalak aurtengo Zure hiria zaintzen programa aurkeztu du. Iaz Ekialdeko Barrutiko 160 ikaslek parte hartu zuten, eta, aurten, Amara Berriko 360 ikaslek parte hartuko dute; LH5 eta LH6 mailetakoak. Parte hartuko duten ikastetxeak hauek izango dira: Amara Berri, Ikasbide eta Katalin Erauso.
Donostia 1998. urtetik Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko (AICE) eta Hiri Hezitzaileen Estatuko Sareko (RECE) kidea da. Horri loturik, Zure hiria zaintzen programa sustatu zuten. Hainbat jardueren bidez, herritar guztiek ulertzeko moduko informazioa eskuratzea eta parte hartze aktiboa bultzatzea da helburua.
“Programaren bidez, gure hiriko txikienek betetzen duten funtsezko zeregina nabarmendu nahi dugu. Beraiek dira, beren begirada garbi, bitxi eta kritikoarekin, hiria ikuspegi berrietatik ulertzen laguntzen digutenak eta Donostiaren etorkizuna bere eskuetatik ere pasatzen dela gogorarazten digutenak”, azaldu du Iñigo Garcia Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak.
Bi fase
Programa bi fasetan egingo dute. Lehenengoan, udaleko Hezkuntza Sailak prestatu duen unitate didaktikoa landuko dute ikastetxeek. Aurreko lan horretatik abiatuta, bisita gidatu bat eskainiko zaie ikasleei udaletxera —martxoaren 31n eta apirilaren 3an, 9an eta 11n—.
Bigarrenean, ikasleek ikasitakoa oinarri hartuta egindako marrazkien lehiaketa bat egingo dute. Lanak maiatzaren 8tik 25era egongo dira ikusgai ARCCO merkataritza gunean. Erakusketan Amara Berri eta Ikasbide ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute.
Hiru lan sarituko dituzte: lan artistiko onenaren saria, edukiaren saria eta beste sari bat aukeratutako leloari. Sariak kolektiboak izango dira, hau da, hautatutako lanen egileak parte diren ikasgeletako ikaskide guztiek jasoko dituzte. Sari banaketa maiatzaren 20an izango da, Real Sociedad Fundazioaren auditorioan, eta programaren laguntzaile diren elkarte eta erakundeak banatuko dituzte.