Barkaiztegiko pasabideko lanak hasi bitartean, zenbait neurri hartzeko eskatu dute bizilagunek

Martuteneko Barkaiztegiko eremuko pasabidearen inguruko bi mozio onartu zituen ostegunean, martxoko udalbatzarrean, Donostiako Udalbatzak, aho batez. Horien bidez, udalbatzak onartu zuen udalak Adif enpresa publikoari (Espainiako Gobernuaren mendekoa) eskatzea Barkaiztegiko pasabidea “lehenbailehen” egiteko. Horrekin “pozik” agertu da Martuteneko Sarroeta auzo elkartea, eta zenbait neurri hartzeko eskatu diote udalari, lanak hasi bitartean eremuaren egoera hobetzeko.
Alde batetik, Barkaiztegi bidea “argiztatzeko” eta bideko mendi magala egonkortzeko, 2023ko abenduan Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen moduan. Bestetik, ibilgailurik ez duten Barkaiztegiko bizilagunentzat “bonutaxi” zerbitzua jartzeko eskatu dute, “Okendotegin jarri zuten moduan”. Azkenik, “Adifen eta udalaren arteko koordinazioa, komunikazioa eta herritarrekiko gardentasuna” eskatu dute, “Adifek Renfe eta Barkaiztegi geralekuen inguruan dituen hiru proiektuetarako: oinezkoentzako pasabidea, Martuteneko geralekuko zubia eta AHTrako Gipuzkoako oinarri nagusia”.
Gogoratu behar da Martutene eta Barkaiztegi lotuko duen trenbide gaineko oinezkoentzako pasabide berria eskatzen urteak daramatzatela bizilagunek. Otsaila bukaeran, manifestazio jendetsu bat egin zuten auzoan, eta agintariei eskatu zieten pasabide berriaren lanak azkartzeko bitartekaritza lana egiteko.