Bessie Smithen omenezko diskoa argitaratu dute Itziar Yaguek eta Paul San Martinek

Hilaren 14an argitaratu zuten Paul San Martin pianista donostiarrak eta Itziar Yague abeslari gasteiztarrak Sugar in my Bowl. A tribute to Bessie Smith diskoa, izenburuak dioen moduan, Bessie Smith (Chattanooga, Tennessee, AEB, 1894—Clarksdale, Mississippi, AEB, 1937) blues abeslari historikoaren omenezkoa.
Hainbat proiektutan elkarrekin jotzen aritu ostean, abeslari handi horren omenezko lana ondu du bikoteak, mimo handiz. Binilo formatuan eta plataforma digitaletan dago entzungai: Need a Little sugar in muy Bowl, Careless Love blues, I wish I could shimmy like my sister Kate eta After you’ve Gone ditu A aldean, estudioan grabatuak. B aldean, aldiz, Reckless Blues, Nobody knows you when you’re down and out, Oh Daddy Blues eta Tain’t nobody’s biz-ness if I do abestiak daude, Mendaron eta Madrilen emandako kontzertuetan zuzenean grabatutakoak.
Dagoeneko hasi dira aurkezpen kontzertuak ematen, besteak beste, Madrilen zuzenean jotzen aritu baitira berriki. Momentuz, ez dute zuzeneko emanaldirik iragarri Donostian.
Bluesaren Enperatriza
Bluesaren Enperatriza ezizenarekin ezaguna da Bessie Smith, AEBetako musika popularraren panoramako abeslari erreferenteenetako bat izan baitzen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan. Blues musika ez ezik, garaian ohikoa zen moduan, jazza eta vaudeville-a ere ukitu zituen Smithek, eta eragin handia izan zuen ondorengo artista ezagun askorengan: Billie Holiday, Janis Joplin, Aretha Franklin, eta abar.
Arrakasta handia izanda ere, Bluesaren Enperatrizaren bizitza ez zen erraza izan, garaiko arrazakeria eta matxismo handia zela medio. Horren adibide da bere heriotza: auto istripu baten ondorioz hil zen, beltza izateagatik ospitale batean sartzea galarazi ostean. Izenik gabeko hilobi batean lurperatu zuten, eta Janis Joplinek ordaindu zuen bere hilarria handi urte askora, 1970ean. Bessie Smithen inguruko film bat ondu zuen 2015ean Dee Reesek, Bessie, Max plataforman ikusgai dagoena.