«Edozein tokitatik egin daiteke Donostiaz barre, eta donostiar gazteok hori behar dugu»
Umorezko euskal bakarrizketak loratu dira azkenaldian, beste umoregile askoren artean, Maialen Sorzabalbereri esker (Antigua, 1996). Gazteek eginda eta gazteentzat, Barrexerka taldearekin eskemak hausten hasi ziren Sorzabalbere eta bere kideak duela urte batzuk, eta erreferente bihurtzen hasiak dira. Bermut baten bueltan elkartu gara berarekin, Amarako La Bodeguillan, umoreaz, gidoigintzaz eta bestez hitz egiteko.

Zergatik aukeratu duzu La Bodeguilla?
Auzo bakoitzean dago taberna kutunen bat, eta, hemen inguruan, gertukoena hau dela iruditzen zait: lagunekin nahikoa denbora pasatu dut hemen, toki atsegina da, langileak jatorrak dira… Gertukoa da. Lagunak Erdialde aldera etortzen garenean —Amara, Erdialdea… ez naiz hor sartuko [barrez]—, ohitura dugu hemendik pasatzeko. Egungo Donostian halako txoko gero eta gutxiago gelditzen dira, eta beharrezkoak dira arnasgune hauek.
Hala ere, antiguatarra zara, ezta?
Bai. Auzoan Plateron eta Trikun ibiltzen naiz: The big ones. Gaur, logistikagatik, gaizki zetorkigun Antiguan gelditzea, baina, bestela, horietako batean gelditzeko esango nizun.
Gidoilaria, umoregilea, aktorea… Zer zara?
Galdera ona! Egunaren arabera: gidoilaria beti naiz, umoregilea ere uste dut egunero naizela eta, aktorea, ba, egunaren arabera. Azken finean, denak lotuta doaz, nire kasuan, behintzat.
Beti erakarri zaitu interpretazioak?
Bai. Txikitan, gurasoen kuadrillako ume guztiak asteburu-pasa joaten ginenean nonbaitera, Amaia Rojo [Barrexerkako kidea da bera ere] eta biok izaten ginen beste haur guztiak elkartu eta gurasoentzat antzerki bat prestatzen hasten ginenak.
Txikitako antzerkiren bat duzu gogoan?
Jakintza ikastolan egindako antzerki bat gogoratzen dut. Emanaldiaren erdian, zer esan jakin gabe gelditu nintzen, eta, kabroi bat izan nintzen, baina, mundu guztiaren aurrean, ‘aizu, zuri tokatzen zaizu!’, esan nion parean nuen kideari.
Inprobisatzen jakitea garrantzitsua da umorean, ezta?
Bai. Ez naiz ikusleei ‘bikote zarete?’ eta horrelako gauzak galdetzearen oso zalea, baina bai gustatzen zaidala unean-uneko erreakzioekin jolastea.
Umorearekin ere txikitatik eduki duzu lotura?
Hori izan da gehien kontsumitu dudan generoa. Hain zuzen ere, telebistan umorezko bakarrizketak ikusten nituenean, pentsatzen nuen, ‘gustatuko litzaidake halako zerbait egitea’. Kontua da orduan 9 bat urte nituela eta Txiki [Ion Martinez] eta Jon Plazaola ari zirela euskarazko bakarrizketak egiten, eta inor gutxi gehiago. Gerora, Hiru Damatxok sortu zuen KarKarKar probalekua, eta mugarria izan zen. Proposatu zidaten lehenengo saioan parte hartzea, baiezkoa eman nuen eta jada ez zegoen atzera-bueltarik.
Dokan hasi ziren KarKarKar probalekuak egiten; antiguatarra izanda, berezia izango zen zuretzat, ezta?
Batzuetan, urduriago jartzen zara etxean zaudenean, ez pentsa. Ea Doka itzultzen den, sekulako espazioa baita! Auzoko jaietan nabaritu da Doka itxita dagoela [barrez].
Espainiako Estatuan, 1990eko hamarkadan eta 2000ko hamarkadan loratu ziren umorezko bakarrizketak. Berandu iritsi gara Euskal Herrian fenomeno horretara?
Plazaola, Txiki eta hauek bazebiltzan orduan ere, baina ez zen orain bezainbeste loratu, ez dakit zergatik. Orain, gustatzen ari zaidan zerbait da gero eta emakume gehiago ari garela bakarrizketak egiten. Gizonen espazio bat izan da beti, eta hori oraindik nabaritzen da, emakumeak jendaurrera ateratzen garenean badakigulako beste modu batean epaituko gaituztela eta bikoitza demostratu beharko dugula. Ni hasi nintzen hau egiten Bea Egizabal, Ana Goitia eta hauek dagoeneko ari zirelako bakarrizketak egiten. Horregatik, emakumeak animatzen ditut parte hartzera!
Oraindik ere, ez zaizkie aukera berberak ematen gizon umoregileei eta emakume umoregileei, eta hor daude balekoak diren gizon ugari antzokiak betetzen eta askoz hobeak diren emakume asko aukerarik gabe. Gidoilarien munduan ere nabaritzen da: niri galdetu izan didate, bakarrizketa bat egin ostean, ea nik idatzia den testua. Gizon bati ez zaio hori galdetzen.
Gizonei baimendu zaie beti, haurrak direnetik, barregarriak izatea.
Hala da, bai. Beti pentsatu izan da emakume zuzendari batek sekulako drama idatziko dizula, baina ez umore lan bat. Barrexerkarekin gertatu izan zait, jendeak, gure esketx bat ikusi ostean, esatea esketxa egin duen gure kide gizona crack bat dela, burutik pasatu ere egin gabe esketx hori nik idatzi dudala.
«Hor daude balekoak diren gizon ugari antzokiak betetzen eta askoz hobeak diren emakume asko aukerarik gabe»
‘Late night’ saioak modan daude berriz. Noizbait ikusiko zaitugu zure ‘late night’ propioarekin?
Izugarri gustatuko litzaidake! Euskaraz izango zen, noski; ez dakit umorea gaztelaniaz egiten.
Barrexerka aipatu duzu lehen; fenomeno handia da dagoeneko, ezta?
Emanaldi bakarra egitea zen asmoa, eta begira.
Hasieran, oso erreferentzia donostiarrak egiten zenituzten txisteetan. Erronka izango zen herriz herri joaten hastea, ezta?
Erronka izan zen, baina goazen herrira goazela, hango lagunei galdetzen dizkiegu herri horretako bitxikeriak eta halakoak, txisteetan erreferentziak sartzeko. Eta ondo funtzionatzen du.
Bestalde, edozein tokitatik egin daiteke Donostiaz barre, eta donostiar gazteok hori behar dugu, zeren, bestela, negarrez hasiko gara denak. Horregatik funtzionatzen dute horren ondo txiste horiek Donostiako emanaldietan.
‘Hamabietan bermuta’ itzuli da IRUTXULOKO HITZAra. Itzuliko al da Barrexerkatik egiten zenuten ‘Auzolotsak’ atala?
Ba, gelditu ziren auzo batzuk zintzilik! Gros, Egia eta Antigua egin genituen, eta martxan genituen Amara, Intxaurrondo eta besteren bat. Itzuli daiteke!
HAMABIETAN BERMUTA
Marianitoa
Non: La Bodeguilla. Easo plaza, 3 (Amara).
Prezioa: 3 euro.