Kalapiek alegazioak aurkeztu dizkio EAEko Mugikortasun Iraunkorreko Planari, beste elkarte batzuekin batera

Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak, bizikletaren erabiltzaileen beste elkarte batzuekin eta talde ekologistekin batera, alegazioak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Sailak egindako Euskadiko Mugikortasun Iraunkorreko Planaren Proiektuari. Plan horren inguruko informazio guztia hemen ikus daiteke.
Honako alegazioak aurkeztu dituzte elkarteek:
1. Prozesu parte-hartzailea izatea: “Ez da inolako prozesu parte-hartzailerik egon plana egiterakoan, eta alegazioak aurkezteko epea laburregia izan da. Epea luzatzea eta parte-hartze prozesu bat egitea proposatu dugu”, azaldu dute elkarteek.
2. Planak oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna barne hartzen ditu kategoria berean. Bi mugikortasun modu horiek oso ezaugarri desberdinak dituztela adierazi dute; beraz, “egokiagoa” litzatekeela bakoitza bere aldetik aztertzea. “Era berean, bi garraiobideen azterketa sakonago baten falta sumatzen dugu, eta diagnostikoan zein ekintza planean garrantzi handiagoa izatea eskatzen dugu”, adierazi dute.
3. Dokumentuak datuak erakusten ditu eta bidegorri sareari buruzko alderaketak egiten ditu, baina udalerri bakoitzak bidegorri gisa definitzen duena zehazki zer den ikusi beharko litzatekeela uste dute elkarteek. Bidegorritzat hartu ezin diren bideak sartu diren kasuak ikus daitezke, hala nola Gasteizko tranbia plataforma. Hori dela eta, diagnostikoak bidegorri batek bete beharreko baldintzak “ondo zehaztea” proposatzen dute.
4. Uste dute gaur egun “arazo bat” dagoela bizikleta bideen diseinuarekin. “Ez dago diseinu jarraibide loteslerik, eta, horren ondorioz, administrazio bakoitzak bere irizpideari jarraiki diseinatzen ditu bideak. Horren ondorioz, sarea ez dago homogeneizatuta, eta erabiltzaileari nahasteak sortzen zaizkio, eta askotan ez dira betetzen bideek izan beharko lituzketen gutxieneko kalitate jarraibideak”, nabarmendu dute. Beraz, arazoa diagnostikoan sartzea eta ekintza planean neurriak jasotzea eskatu dute.
5. Jarraipen adierazleak: Mugikortasun Planaren eraginkortasuna ebaluatu ahal izateko adierazle argiak ezartzea proposatzen dute, plana ezartzeak espero diren emaitzak emango dituela ziurtatuz.
6. Planaren jarraipen handiagoa egitea ere eskatzen dute: “Planak ez du jarraipen prozedurarik aurreikusten indarrean dagoen hamar urteetan”, deitoratu dute.
7. Intermodalitatea errazteko (bizikleta – garraio publikoa) neurriak hartzea: Garraio publikoko geltokiak (autobusekoak zein trenbideetakoak) bizikletan iritsi eta bertan utzi ahal izateko moldatzeko eskatu dute, eta egutegi bat ezartzea neurri hauek hartzeko.
8. Adierazi dutenez, planak ez ditu aipatzen MPI mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patinete elektrikoak eta antzekoak). Ibilgailu mota honen egoera aztertzeko eta planean ekintzak jasotzeko eskatu dute.
9. Bizikleta garraiobide gisa sustatzeko beste ekintza batzuk ere proposatu dituzte: Bizikleta eskola-curriculumean sartzea, bizikletaren mugikortasuna hobetzeko proposamen teknikoak edo erakundeen arteko koordinazio handiagoa izatea bizikleta sustatzeko.