Kriskitin lasterketa egingo dute larunbatean, «pertsona itsuen eta gor-itsuen larruan jartzeko»

23. aldiz, Kriskitin lasterketa antolatu du ONCEk Donostian: larunbatean izango da (hilak 29), 12:00etan, Zurriola pasealekuan. Ateak irekitzen, braille 200 urte lelopean egingo dute herri lasterketa, eta “pertsona itsuen eta gor-itsuen larruan jartzera” gonbidatuko dituzte herritarrak: “Begiak estaliaz eramanez eta beste pertsona batek gidatuz, Kursaaleko kuboei buelta emango dien ibilbide bat egingo dute”. Amaieran, Katealegaia lan sozietateak Urrezko Kriskitina saria jasoko du, aitortza modura.
Herritarrek ez ezik, zenbait agintari politikok ere parte hartuko dute: Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak; Maria Jesus Idoeta Donostiako Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotziak; Ana Lopez Loiarte Donostiako Gobernantza Ireki, Digital eta Kolaboratiboko zinegotziak; Iñigo Garcia Donostiako Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko zinegotziak eta Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoaren zuzendariak.
Donostiako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eroski Fundazioaren eta Coca Cola enpresaren babesa du lasterketak, eta, ONCEk azaldu duenez, “itsutasuna edo ikusmen urritasun larriak dituzten EAEko hainbat tokitako pertsonak gerturatzen diren hiritarrekin binaka arituko dira korrika, lasterketaren helburuarekin bat egiten, pertsona itsuen azalean jarriz”.