'La Revuelta' saioko Grison kolaboratzaileak Korner jaialdian hartuko du parte

Real Sociedad Fundazioak Donostia Kirolaren eta Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatzen duen Korner kultura eta futbol jaialdia ekainaren 2tik 7ra egingo da aurten. Zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta aurreko edizioak ezaugarritu dituen helburu bera izango du: itxuraz deskonektatuta dauden bi mundu lotzea, futbolaren eta kulturaren barruan esanguratsuak diren profilak gonbidatuz, bi arloek partekatzen dituzten puntu ugariak agerrarazteko.
Jaialdiaren aurreko zazpi edizioetan literaturak, zinemak, arteak, futbolak eta, jakina, umoreak izan dute lekua, Leo Harlem, Raul Perez, Zuhaitz Gurrutxaga edo Maribel Salas bezalako pertsona ezagunekin.
Grison jaialdian izango da
Edizio honetan Marcos Martinez Grison izango da gonbidatua, La Revueltako eta aurretik La Resistenciako kolaboratzaile ezaguna. Monologoles ataleko protagonista izango da, eta, Anoetako zelaian eskainiko du ikuskizuna. Ekainaren 6an izango da, 21:00etan.
Grisonen show berriak umorea eta musika nahasten ditu, soilik ahotsaren laguntzaz (beatbox) eta esaldiak etengabe grabatu eta errepikatzen dituen aparatu batez (loop station) abesti mitikoen gainean sortutako bertsioekin. “Ikuskizunak inprobisazioa eta publikoarekin hitz egitea ere uztartzen ditu, inola ere inor hotz utziko ez duen giro parte hartzaile eta animatua sortzeko”, azaldu dute jaialdiaren antolatzaileek.
Ekitaldirako sarrerak eskuragarri daude jada, eta jaialdiaren webgunearen bidez eros daitezke: www.korner.eus.
Kornerren programazio osoa maiatzean iragarriko da, eta formatu finkoak eta publiko guztientzako berritasunak uztartuko ditu. Programa Futbolaren bultzada ideiaren inguruan garatuko da, “zeina komunitate baten energia batzeko gai baita itxuraz ezinezkoak diren erronkak aurrera ateratzeko”. Ideia horretan inspiratu da Donostiako Wallijai estudio grafikoa zortzigarren edizio honetako kartela egiteko orduan.
Jaialdiari eta sarrera edo gonbidapena behar duten ekitaldiei buruzko informazio guztia ere webgunean eskuratu ahal izango da.