Lucas Egibarrek hamabigarren bukatu du Suitzako Munduko Txapelketa

Ez du espero zuen emaitza lortu Lucas Egibarrek Suitzako St. Moritz herrian jokaturiko Munduko Txapelketan. Snowboarder donostiarrak lauko final handira iristea zuen helburu, baina bidean geratu da.
Final-zortzirenetan bigarren egin ondoren, final-laurdenetan kanporatu dute Egibar, lauko bere txandan hirugarren bukatu ostean. Horrela, hamabigarren postuan bukatu du txapelketa.
Akilesen tendoia hautsi izanak eragina izan du donostiarraren errendimenduan, nahiz eta hobera egin duen azken asteetan. Ordea, txanda zaila egokitu zaio final-laurdenetan. Eliot Grondinekin, Beijingo Jokoetan bi domina irabazi zituenarekin, Nick Baumgartnerrekin, eta Julian Lueftnerrekin neurtu ditu indarrak.
Egibar hirugarren izan da ibilbidearen lehen zatian, nahiz eta kronometratutako bigarren zatian postu bat igotzea lortu duen. Hirugarrenean, hirugarren postura jaitsi da berriro, Baumgartner estatubatuarrak aurrera egin eta helmuga lehen postuan zeharkatu duen bitartean, Grondin kanadiarra atzetik zuela. Egibar hirugarren izan da eta Lueftner laugarren. Azkenean Grondin izan da St. Moritzen Munduko Txapelketa irabazi duen snowboarderra.