Neska-mutikoen zirku berezia, Donostian
Ourense hiriaren kanpoaldean, Benposta izeneko gune batean, haur eta gazteek autogestionatutako herri bat jaio zen 1963an. Hortik, neska-mutikoek osatutako zirku berezi bat jaio zen, urte luzez munduan zehar ibili zena; Donostian ere egin zuen geldialdiren bat.

Duela gutxi arte, historian ahaztu samar gelditutako istorioa zen Benpostako (Ourense, Galizia) neska-mutikoen hiriarena eta zirkuarena. Berriki, ordea, Elias Leon Siminianiren El circo de los muchachos telesail dokumentala estreinatu dute Amazon Prime plataforman, eta, horri esker, istorioa ezagutu ahal izan dute askok.
Jesus Silva apaiz jesuita (Ourense, Galizia, 1933-2011) dago istorio bereziaren atzean: 1956an, artean apaizgaia zela, haur eta gazteek autogestionatutako errepublika txiki bat sortzeko ideia gauzatzeko lanean hasi zen. 1963an, Benpostako lursaila eskuratu, eta bertan jaio zen Neska-mutikoen Hiria (Ciudad de los Muchachos, gaztelaniaz). Funtsean, hezkuntza proiektu bat zen, katolizismoa erdigunean izanda ere, frankismo betean zeudela kontuan hartuta, egitasmo iraultzailetzat hartu daitekeena: txanpon, bandera, ereserki eta telebista kate propioa eduki zuen, eta demokrazia zuzen bidez funtzionatzen zuten, betiere, Silvak dena kontrolpean zuela.
Hiria sortu eta berehala, zirku eskola ere sortu zuen Silvak neska-mutikoekin; historiako bigarren zirku eskola izan zen. 1966an eskaini zuen zirkuak bere lehenengo ikuskizuna, Bartzelonan, eta 2003an azkena, Madrilen.

Neska-mutikoen zirkua Donostian egon zeneko iragarkia, ‘La Voz de España’-ren 1967ko abuztuaren 4ko zenbakian.Koldo Mitxelenako hemeroteka
Donostian, gutxienez bi aldiz
Neska-mutikoen zirkua gutxienez bi aldiz egon zen Donostian: 1967an eta 1975ean. Lehenengoan, 1967ko abuztuaren 3an heldu zen hirira, eta Groseko Katalunia plazan egon zen, hainbat egunez. La Voz de España egunkariaren garaiko zenbakietan jasotzen denez, «aparteko arrakasta» izan zuen zirkuak.
1975eko otsailaren 15ean itzuli ziren Benpostako neska-mutikoak Donostiara, nazioartetik bira handi baten ostean, Espainiako Estatuan eskaini zuten lehenengo ikuskizuna eskaintzeko, orduko No-do albistegiek jasotzen dutenez. Hainbat egunez eskaini zuten euren ikuskizuna hirian; belodromoan, zehazki. Urte hartan, udaletxean harrera ofiziala egin zieten zirkukoei, eta zirkuko zuzendariak Ciudad de los Muchachos domina eman zion orduko Donostiako alkate Francisco Lasari; lehenengo aldia zen alkate batek domina hori jasotzen zuela.
Benpostako neska-mutikoen hiriak eta zirkuak berak gorabehera ugari izan zituzten hurrengo urteetan, ez baitzen dena polita izan: hainbat salaketa larri egin zituzten Benpostako biztanle ohi batzuek gerora, besteak beste. Historia luzea da, baina, gaurkoz, nahikoa dugu lerro hauetan kontatutakoarekin. Egongo al da zirku berezia Donostian zuzenean ikusi zuen irakurlerik?