Eguzki eklipse ederra ikusi ahal izan da Donostiatik

Eguzki eklipse partziala izan da larunbat goizean, eta Donostiatik ere ikusi ahal izan da. Hain zuzen ere, momentu gorenean lainotu bada ere, tarte batez eklipse ederra ikusi ahal izan da, goizeko hamarrak aldera. Joseba Parron San Sebastian IRUTXULOKO HITZAko argazkilariak Antiguatik harrapatu du eklipsea.
Eguzki eklipsea noizean behin gertatzen den fenomenoa da, ilargiak eguzkiaren argia estaltzen duenean gertatzen dena. 2022an eta 2021ean ere ikusi ahal izan ziren eguzki eklipse partzialak Donostiatik. Bestalde, ikusi ahal izango den hurrengo eguzki eklipsea 2026ko abuztuaren 12koa izango da, eta beste bat egongo da 2027ko abuztuaren 2an. Hurrengo urtean, 2028an, eraztun formako eklipse bat ikusi ahal izango da.
Eklipse partzialak ohikoagoak dira, hiruzpalau urtean behin ikusi ohi baitira. Eraztun formakoak eta osoak, aldiz, ez dira horren ohikoak: Donostiatik ikusi ahal izan zen azken eraztun formako eklipsea 2005ean izan zen. Espainiako Estatuan ikusi zen azken eklipse osoa, aldiz, 1959an izan zen, baina soilik Kanaria uharteetaik ikusi ahal izan zuten. Penintsulatik ikusi ahal izan den azken eklipse osoa 1912koa izan zen.
Gogoratu behar da ez dela komeni eklipseak zuzenean begiratzea, begientzat kaltegarria izan baitaiteke. Era berean, ez da komeni, ezta ere, eguzkiko betaurrekoekin, erradiografiekin edo halako etxeko erremedioekin begiratzea. Eklipseetarako erabili ohi diren betaurreko bereziekin begiratu daiteke eklipsea modu seguruan, eta baita itzaletan jarritako pantailaren batean islatuta ere. Hala ere, Espainiako Behatoki Astronomiko Nazionalaren arabera, eklipse bat ikusteko metodorik sinpleena eta seguruena proiekzio bidezkoa da, bi kartulina mehe hartuta eta leiho batean eguzkiari bizkarra emanez jarrita. Kartulinetako baten erdian milimetro batzuetako zuloa egin behar da (ez da beharrezkoa zirkularra izatea), eta, ondoren, bestea aurrean jarri behar da, argia lehenengoaren zulotik igaro eta bigarrenaren gainean proiektatzeko.