Biba Azoka egingo dute larunbatean Amaran, Euskal Herriko ardo ekologikoen azoka
Biba Ardoak ardo ekologikoak eta naturalak banatzen dituen kooperatibak laugarrenez antolatu du Biba Azoka egitasmoa, eta Donostiara itzuli dira aurtengoan. Larunbatean izango da (apirilak 5), Amarako Kaxilda taberna eta liburu dendako Kantina espazioan.
Azokara joateko, hamar euroko sarrera bat ordaindu behar da, eta, horrekin, kopa bat opari izango dute bertaratzen direnek, baita hamabi mahastizain ezagutzeko, hamarnaka ardo dastatzeko eta botilak upategi prezioan zuzenean erosteko aukera” izan ere. 11:00etatik 18:00etara izango da hori eta, ondoren, 18:00etatik 23:00etara, festaz disfrutatzeko aukera eskainiko dute, Itzaletan Sua eta Mane Galinha DJ-ekin (sarrera doan).
Horrez gain, egun osoan zehar, Kantinak janaria eta edariak eskainiko ditu eta Kaxilda liburu dendak ekologiarekin eta aldaketa klimatikoarekin zerikusia duten liburuak salgai jarriko ditu. Azokaren kartela egin duen Mattin marrazkilariak, bestalde, marrazkiak egingo ditu eta salmentan jarriko ditu bere sorkuntzak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “aurtengo karakterizazioari dagokionez ,alde batetik, merkatuen, salmenta zuzena eta ekoizleekin harremanen garrantzia aldarrikatu” nahi dute eta, bestetik, “ardoaren alde kulturalari, sozialari eta ludikoari ere garrantzia eman” nahi diote. “Horregatik, bereziki herritarrentzako den azoka da aurtengoa: maila batean edo bestean ardozaleak direnak orokorrean, jakin-mina dutenak, gozatu edota ikasi nahi dutenak, ama lurra maite eta defendatzen duten herritarrak… denak dira ongi etorriak azoka herrikoi honetara”, gaineratu dute.