Chill Mafiak Donostian emango du azken-azken kontzertua, ostiralean
Chill Mafia taldea, artxiboko irudi batean. Iruñerriko Chill Mafia taldeak pasa den ostiralean eman zuen Agur eta ohore bere azken kontzertua Barakaldoko BEC erakustazokan, baina ez zen azken-azkena izan; ostiral honetan (hilak 4) izango da taldearen azken-azken kontzertua, iluntzean, Donostian, Egiako Dabadaba aretoan.
Hain zuzen ere, nafarrek Dabadaban eskaini zuten euren lehenengo kontzertua, 2021eko martxoaren 27an, aretoaren zazpigarren urteurrenaren bueltan; hemen ikus dezakezue emanaldi horren zati bat.
Hala iragarri du aretoak, sare sozialetan: “Zirkulua itxiko dugu: azken agurra”. Jakinarazi dute, halaber, sarrerak gaur bertan (hilak 1) jarriko dituztela salgai, 20:00etan, DICE plataforman eta aretoaren webgunean. Dabadabaren edukiera kontuan hartuta, aretoak berak ohartarazi du sarrerak “oso-oso-oso-oso-oso mugatuak” izango direla eta pertsonako bi baino ezingo direla erosi.


