Udalak akordioa berritu du aldundiarekin hiriko suhiltzaileek zerbitzua eman diezaioten inguruko udalerriei
Lasarte-Oria, Usurbil, Hernani, Astigarraga eta Urnieta udalerriei eta Pasaiako mendebaldeari aurrez ematen dioten zerbitzua lau urtez mantentzea adostu dute; horren truke, 2.750.000 euro jasoko ditu udalak aurten.

Udalak adostu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Lasarte-Oria, Usurbil, Hernani, Astigarraga eta Urnieta udalerriei eta Pasaiako mendebaldeari prebentzio, itzaltze eta salbamendu zerbitzua subsidiarioki emateko egin duen kudeaketa-enkargua onartzea, aldundiak horretarako baliabide propio egokirik ez duen bitartean. Alkateak azaldu duenez, urteak dira Donostiako suhiltzaileek ardura hori bere gain hartzen dutela, eta hori arautzen duen hitzarmena “eguneratu eta berritu” dute.
Lau urterako iraupena du akordio berriak, eta horren arabera, aldundiak 2.750.000 euro ordainduko dizkio udalari aurten, aurreko hitzarmenarekin alderatuta, milioi bateko igoera dakar. Alkateak azaldu duenez, erabakiak bi aldagairekin lotura du: Batetik, kostuaren eguneraketa, zerbitzuaren gastua hazi egin baita azken urteetan. “Suhiltzaileek sei bat milioi euroko kostua bazuten udalarentzat akordioa sinatu zenean, egun, hamar milioi euro ingurukoa dute. Hori eguneratu egin behar zen”. Bestetik, Donostiako suhiltzaileek zerbitzua ematen dieten udalerrien biztanleria “nabarmen” hazi da, “bereziki, Astigarraga”, eta ondorioz, esku hartzeen kopurua ere ugaritu egin da.
Hitzarmenaren berritzeaz gain, suhiltzaileei dagokienean, behar dituzten materialentzako hainbat hornidura kontratu sinatu ditu udalak. Productos y Mangueras Especiales SA enpresari erreskate teknikorako eta trafikorako NBEak hornitzeko kontratua esleitzea onartu dute, 34.122 euroko prezioarekin eta urtebeteko epearekin. Era berean, erabaki dute 25.948 euro gastua baimentzea SPEISen lantaldearen 2024ko Kirol Txartela ordaintzeko Kiroletako Udal Patronatuari.