Altzako Txirrita mendi lasterketako izen ematea, zabalik

Hirugarrenez, Txirrita mendi lasterketa antolatu dute Altzan, eta izena emateko epea ireki dute dagoeneko; hemen. San Martzial plazatik abiatuta eta Txoritokietatik, Kutarrotik eta beste hainbat gunetatik pasatuta, 16,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, baita 723 metroko desnibel positiboa gainditu ere.
Altzatarra elkartearen gerizpean bildutako herri mugimendu bat da Txirrita mendi lasterketaren sortzailea, eta 2023ko abuztuan antolatu zuten estreinakoz. Iaz ere abuztuan egin zuten lasterketa, 250 lagunen parte hartzearekin, eta kirolaren aldeko apustua ez ezik, kulturaren aldekoa ere egin zuten bertsoek presentzia nabarmena izan baitzuten lasterketaren hasieran, bitartean zein amaieran. IRUTXULOKO HITZAk lehenengo urtetik izan da lasterketako babesleetako bat, eta aurten ere hala izango da.