«Turismoan lan egiten duen jendea ozta-ozta bizi da»
Establezimendu turistiko bateko langilearen ikuspegitik aztertu du turismoa bera eta bere eragina Ana Geraniosek (Algeciras, Andaluzia, Espainia, 1988) ‘Verano sin vacaciones. Las hijas de la Costa del Sol’ liburuan. Bizilagunekin plataformarekin elkarlanean, Hontza liburu dendan aurkeztu eta salgai jarri du.

Nondik dator liburua idazteko ideia?
Txikitatik, ostalaritzaren mundua gertutik bizi izan dut, aita 15 urterekin hasi baitzen Costa del Soleko herri batean zerbitzari gisa lan egiten. Horregatik, aita inoiz ikusten ez nuen giro batean hezi nintzen, beti lanean zegoelako; zeren, zerbitzari izateko baldintzetako bat da bizitzarik ez edukitzea. Ni 18-19 urterekin hasi nintzen zerbitzari gisa lan egiten, eta barrutik bizitzen hasi nintzen nola normalizatu den lanera noiz sartzen zaren jakitea, baina ez noiz aterako zaren, ez jakitea ordu estrak kobratuko dituzun… Atsekabe handia sortzen du horrek guztiak.
2019ko udan, Puerto Banusen zerbitzari gisa lan egiten aritu nintzen, eta Facebooken lanaren eguneroko bat idazten hasi nintzen. Eguneroko hori idazteak salbatu ninduen, ostalaritzako lana gogorra baita, baina egunerokoari esker, uda hori ez zen hain astuna izan. Eguneroko hori da liburuaren lehenengo zatia.
Zergatik hasi zinen egunerokoarekin?
Beharra nuelako ostalaritzan bizitzen dena partekatzeko eta zalantzan jartzeko normaltzat jotzen duguna benetan normala den. Egunerokoari esker, zerbitzari bat protagonista gisa jarri dut, langileak bigarren mailako pertsonak garen ingurune batean, non garrantzitsuena den turista ondo egotea.
Bigarren zatia saiakera bat da.
Saiakeran aztertzen dut zergatik zerbitzari horrek bizi duen egoera hori guztia Costa del Solen. Egunerokoa testuinguruan kokatzen du, jendeari azaltzeko benetan zer gertatzen den bere herria helburu turistiko bihurtzen denean.
Zein da egoera zure herrian?
Ni hazi nintzen herrian, San Pedro Alcantaran, inguruko leku turistikoetan lan egiten zuen jendea bizi zen eta herri lasai bat zen. Ordea, turistifikazioa hara ere iritsi da, oso modu indartsuan: etxebizitzaren prezioak izugarri igo dira, ostalaritza da lan egiteko bide ia bakarra, turistaz betetzen da…
Eta, turista pertsona inutil bat da. Zure herria betetzen da lagundu ezin zaitzaketen, komunitatearengatik ezer egiten ez duten eta duten eraginari buruzko kezkarik ez duten pertsonez. Nola baimendu dugu dirua gastatzera besterik ez datozen pertsonen inbasioak gertatzea? Nahiko ondo bizitzeko aukera eman du urte luzez turismoak, baina hori bukatu da, eta horregatik ari da jendea kalera ateratzen.
Zein da turista on bat izateko bidea?
Turista ona da molestatzen ez duena. Turistak badu ardura horretan, baina ezin zaio ardura osoa eskatu, ardura gehiena erakundeek, alderdi politikoek eta turismoaren industriak baitaukate.
«Espainia turismotik bizi da» askotan entzuten den esaldi bat da, baina hori hala bada, atzean erabaki politiko batzuk daudelako da.
Eta erregimen frankistarekin hasi zen hori. Espainia turismotik biziko da akaso, baina turismoan lan egiten duen jendea ozta-ozta bizi da: hamalau orduko jardunaldiak, jaiegunik gabeko asteak, lan karga psikologiko eta fisiko izugarriak, turismoak erabakitzea noiz egon zaitezkeen zure familiarekin eta noiz ez… Aberrazio bat da. Turismoak tokiko biztanleria pobretzen du eta higadura sortzen du.
Nola ikusten duzu Donostiako turismoaren egoera?
Arazo argi bat dago turistifikazioarekin, eta, ziur aski, AHTaren iritsierak egungo arazoa areagotuko du, are gehiago garestitu dezakeelako hiriko bizitza. Zorionez, antolatuta dagoen jendea dago, eta zaila bada ere turistifikazioa gelditzea, aberasgarria da espazioak sortzea, hitz egiteko, ekintza txikiak gauzatzeko edo, besterik gabe, seguru sentitzeko.
«Nola baimendu dugu dirua gastatzera besterik ez datozen pertsonen inbasioak gertatzea?»
Nola egin aurre turistifikazioari?
Aztertu behar dugu nola onartu ditugun normaltzat aipaturiko gauza horiek guztiak eta nola egin dezakegun atzera. Baina, administrazioaren babesik gabe, zaila da, eta, momentuz, turismoaren industriarekin daude: Andaluzian, desertifikazio handiena duen estatuko lekuetako bat izanik ere, ehunka golf zelai daude, eta aldi berean, udan ur mozketak egiten dituzte Andaluziako herri askotan.
Turistifikazioaren aurkako mobilizazio ugari egin dituzte estatuko hainbat lekutan azken hilabeteotan.
Jendea gero eta kontzientziatuagoa dago gai honekin. Izan ere, dagoeneko ez daukagu ia babeslekurik, turismoa iristen ari baita inor joaten ez zen leku horietara ere. Turistifikazioarekin amaitzeko momentu baten aurrean egon gaitezke horregatik, nahiz eta prozesua luzea izango den.
Baina, lehenik, zalantzan jarri behar dugu gure auzoan edo herrian bizitzea galarazten diguna eta gure senide eta lagunekin egoteko denbora kentzen diguna. Ildo horretatik, liburuan lanaren inguruko hausnarketa ere jarri dut mahai gainean; lanarena, bere osotasunean.
Turismoaren inguruko neurri batzuk hartzen hasi dira erakundeak.
Bai, baina oso azalekoak dira. Herri batek bere oinarrizko beharrak beteta dituen arte, tartean, ingurukoekin egoteko behar adina denbora edukitzea; ez luke turismoan inbertitu beharko. Mundu kapitalista honetan ezinezkoa dirudi horrek, ordea. Proposamen errealistago bat egitearren, espazio naturaletan hotelak eraikitzeari uztea, etxe turistikoak sustatzeari uztea eta desazkundearen bidea hartzea izan daiteke hasteko modu bat.
Partikularretik zer egin daiteke?
Erakundeei gauzak eskatzeaz gain, gauzak egin behar ditugu: ekintza aldarrikatzaileak gauzatu, etxebizitza sindikatuak eta halako kolektiboak babestu, eztabaidarako espazioak sortu eta langileak ondo tratatzen ez dituzten establezimenduetan kontsumitzeari uztea. Elkarrekin egon behar dugu, erakundeei presioa egiteko eta komunitatea sortzeko.