Amaya Zabartek epailearen aurrean deklaratu du, hamahiru hilabeteren ondoren
Auzitegiko medikuaren txostenaren arabera, Zabarteren lesioak "guztiz bateragarriak" dira foam pilota baten inpaktuarekin.

Joan den urteko martxoan Realaren eta PSGren arteko partidaren atariko istiluetan Ertzaintzak zauritutako emakumeak, Amaya Zabartek, gaur deklaratu du lehenengo aldiz epailearen aurrean (apirilak 7), gertakariak izan zirenetik hamahiru hilabetera. Hamar bat minutuko deklarazioa egin du eta, ondoren, Joseba Novoa senarrak adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean: “Egun hartan bizitakoa kontatu ahal izanagatik lasai gelditu da Amaia”, nabarmendu du, baita salatu ere hamahiru hilabete pasatu behar izan direla Zabartek deklaratu ahal izan duen arte.
“Nire aldetik, amorru handiko eguna da, hamahiru hilabete baitaramatzagu norbaitek esan diezadan nola izan daitekeen nire emaztea dozenaka ertzainen aurrean ia hil egin izana”, gaineratu du Novoak. Horregatik, “inpotentzia eta amorru handia” sentitzen dituela nabarmendu du.
Zabarteren abokatu Iker Sarriegik, bestalde, azaldu du oraingoz ez dagoela inor inputatuta pilotakadarengatik, komisarian egindako deklarazioan “lurrean fardel bat aurkitu” zuela eta “ia erori zela” adierazi zuen ertzainaz gain. Era berean, gogorarazi du momentuz agente bakar batek ere ez duela epaitegian deklaratu, ez lekuko gisa eta ez inputatu gisa: “Foam pilota nork jaurti zuen ere ez dakigu”, salatu du abokatuak. Sarriegik nabarmendu duenez, istiluak gertatu zirenean Ertzaintzaren “linea horretan zeuden, kargatu zuten eta pilota jaurtigailuak zeramatzaten ertzainen deklarazioa” eskatu dute.
Era berean, abokatuak azaldu duenez, auzitegiko medikuaren txostenaren arabera, Zabarteren lesioak “guztiz bateragarriak” dira foam pilota baten inpaktuarekin: “Gainera, kolpea ezkerraldean da, korrika doanean eta eskuinerantz erortzen denean”.
Orain, aurkeztu dituzten lekukoek deklaratu beharko dute. Novoaren senarrak nabarmendu duenez, gehienak bertan egon eta harremanetan jarri diren pertsonak eta kolpea jaso ondoren Zabarteri lagundu zioten neskak.