Anoeta Munduko Futbol Txapelketako egoitza izatearen erabakia atzera botatzeko eskatu diote FIFAri
Bizilagunekin plataformak eta sei auzo elkartek gutun bat bidali diote FIFA erakundeari.

Joan den urteko abenduan egin zuten ofizial Donostiako Anoeta estadioa 2030eko Munduko Futbol Txapelketako zelaietako bat izango dela, Espainiak, Portugalek eta Marokok elkarlanean antolatuko duten txapelketan. Horren aurrean, Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformak eta Parte Zaharrean Bizi, IZBE (Intxaurrondo), Heriz plataforma (Antigua), Egia Bizirik, Uliako Auzo Elkartea eta Herripe (Herrera) auzo elkarteei gutun bat bidali diote FIFA nazioarteko futbol federazioari, erabaki hori atzera bota dezan. “Hiriko bizilagun elkarteen, herri mugimenduen eta biztanleen artean kezka sortu duen izendapena da, kezkatzeko arrazoiak nabarmenak baitira”, nabarmendu dute.
Gogorarazi dutenez, “Donostia turistifikazio prozesu basati bat bizitzen ari da, azken hamarkadan nabarmen azeleratu dena eta bertako bizilagunei kalte larriak eragiten ari dena”, eta Munduko Futbol Txapelketa hirira ekartzeak egoera hori are gehiago areagotu dezakeela deritzote. Txapelketa baino 6 urte lehenagotik, “kolapsoa aurreikusten da”, gaineratu dute: “FIFAk berak 2024ko azaroan argitaratutako txostenean1 aipatu zuen, Donostian dagoen ostatu plaza kopurua ez dela nahikoa izango Munduko Futbol Txapelketak erakartzea aurreikusten den bisitari kopuruari ostatu emateko. Donostiako hotel, ostatu, hostel eta abarrek gainezka egingo dutela kalkulatzen dute antolatzaileek. Horren konponbide edo lasaigarri bezala aipatzen zuten Biarritz edo Baiona gertu daudela Donostiaren gainezkatzea sostengatzeko eta, gainera, Airbnb bezalako baliabideak kontuan hartu behar direla hiriko gaitasuna ulertzeko. Mugikortasunari dagokionez, txosten berean FIFAk aipatzen zuen kirol ekitaldien inguruko bizitegi eta merkataritza zonaldeen eraginez trafikoaren kudeaketarako plan bereziak martxan jartzea eskatu duela gertakariak”.
Hiriaren “turistifikazio egoeraren” inguruko zenbait datu ere eman dituzte: “2015 eta 2024 urteen artean, hiriko hotel kopurua %40,3 hazi da eta eskaintzen diren ostatu plazen kopurua %69,2. Hirira iritsi diren turisten sarrerak %77,8 handitu dira; Espainiako Estatukoak %35,8 eta atzerrikoak %120,9. Urte horietan, etxebizitzaren erosketa prezioa %47,36 hazi da eta alokairuaren prezioa %44,54. Bertako herritarrak hiritik kanporatuak izaten ari dira, espazio publikoa interes komertzialen arabera eraldatua izaten ari da, azpiegiturak turismo industriaren beharren arabera diseinatzen dira, bertako hizkuntza eta kultura marketin helburuetarako fetitxizatzen dira, eta abar”.
Era berean, gogorarazi dute Espainiako hedabide batzuek argitaratutako informazioaren arabera, Espainiako futbol federazioak egoitzen puntuazioa aldatu zuela Anoetako hautagaitza bultzatzeko, Galiziako Balaidos zelaiaren kaltetan. “Gainera, Donostiako Udalak (talde politiko guztien adostasunez) onartu du Munduko Txapelketatik eratorritako beharrak gora-behera, eskaintzen diren ostatu plazen proportzioa ez handitzeko konpromisoa”, gehitu dute.
Gutuna sinatu duten eragileen ustez, “Munduko Txapelketa Donostian jokatuz gero, ekitaldiak hiriaren turistifikazioa areagotuko du eta erakunde publikoek turismo industriaren mesedetan jokatzen jarraituko dute”. “Turismoaren hazkundearen kalteei erantzuteko modu bakarra desazkunde turistikoaren bideari ekitea da”, gaineratu dute.