Bi gizon epaituko dituzte neska bati taberna baten kanpoaldean sexu erasoa egitea egotzita

Gipuzkoako Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eskatu du bi gizonentzat, Donostian neska bati sexu erasoa egitea egotzita, “neska horren kalteberatasunaz baliatuta”. Izan ere, behin-behineko idazkiak jasotzen duenez, neska “bakarrik zegoen, intoxikazio etilikoan”, lurrean eserita, taberna baten irteeran.
Espetxe zigor horiez gain, Ministerio Publikoak beste bost urte eskatu ditu bi gizon horietako batentzat, bigarren emakume bati ezpainetan musu emateagatik, haren baimenik gabe. Emakumea gertakarien lekura joan zen, bi gizonei biktimarekiko jarrera aurpegiratzeko.
Ministerio Publikoaren behin-behineko akusazioaren idazkiaren arabera, laster Gipuzkoako Auzitegian epaituko diren gertakariak 2023ko urriaren 13ko 00:30ak aldera izan ziren. Bi auzipetuak lurrean zegoen emakumearengana hurbildu ziren, eta “haren zaurgarritasuna aprobetxatuz” sexu-ukituak egin zizkioten eta musu eman zioten, haren baimenik gabe, nahiz eta hark jarrera eteteko eskatu.
Testuinguru horretan, bigarren emakume bat hurbildu zen, eta bi gizonei aurpegiratu zien jarrera. Fiskaltzaren arabera, horietako batek indarrez eutsi zion burutik, eta musu eman zion ezpainetan, haren baimenik gabe.