Bost pertsona atxilotu dituzte Martuteneko erasoekin lotuta

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak bost gazte atxilotu ditu bat gauerdian Martutene auzoan, lesio larriak eragitea leporatuta. Atxilotuek hiru pertsonari eraso egin zieten, oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, eta horietako bat ospitalera eraman zuten zaurien larritasuna ikusita.
Atzo gaueko hamaikak aldera, polizia bertaratzeko eskatu zuten Martutene auzoan, hainbat pertsona borrokan ari zirela eta. Bertaratu ziren agenteek hiru gizon aurkitu zituzten bide publikoan. Biktimetako bat aurpegian eta buruan zituen zaurietatik odola dariola zegoela ikusita, osasun zerbitzuak berehala agertzeko eskatu zuten. Ondoren, zauritua anbulantzian eraman zuten Donostiako ospitalera, zauriak sendatzera.
Pertsona horien adierazpenen arabera, bost gaztek eraso egin zieten, eta bati poltsa lapurtu zioten diru zorro eta guzti. Gertaera horien ustezko egileak inguruko eraikin batean bizi ziren, eta bertaratu ziren poliziek eraikineko bizilagunak identifikatu zituzten. Ondoren, identifikatuetako bost pertsona atxilotu zituzten lesio larrien delitua leporatuta.
Ertzaintza gertaera horren arrazoiak ikertzen ari da, baina, orain arte jakindakoaren arabera, erasotzaileek eta biktimek elkar ezagutzen zuten. Atxilotuak 21 urtetik 25 urtera bitartekoak dira, eta dagozkion polizia eginbideak amaitu ondoren jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.