Easo eta Mirakontxa arteko tartearen gainkostua baieztatu ondoren, joan den martxoaren 12an EH Bilduko udal taldeak Donostiako metroaren obren jarraipena egiteko batzorde ez-iraunkorraren premiazko deialdia eskatu zuen. “Gaur gaurkoz ez dugu erantzunik”, baieztatu zuen Jabi Vitoriak ostiralean egindako agerraldian. Horregatik, ostegunean, hilak 10, Espazio Publikoaren Batzordean interpelazio bat aurkeztuko dute Mugikortasuneko zinegotzi Olatz Yarzak erantzun dezan. Zehaztu dutenez, batzorde horrek bi hilean behin bildu beharko luke, eta azkenengoz, “azaroaren 6an” egin zuen.
Lakuako gobernuak, ETSk eta udal gobernuari “gardentasun falta” eta “jarrera proaktiborik ez” izatearen ondorioz, EH Bilduk hainbat ekintza abiarazi ditu azken asteetanDonostiako Metroaren gainkostuaren arrazoiak argitzeko. Azkena, zuzeneko galdera sorta egitea Eusko Legebiltzarrean Mugikotasun sailburu Susana Garcia Chuecari. Erantzunek zalantzak argitu beharrean “kezka” sortu diete galdetzaileei, “ez baitu behar bezain argi erantzun eta ez baititu bere garaian faraonikotzat jotako lan honen benetako kostuari buruzko alderdi garrantzitsuak aipatzen”. Sailburuaren arabera, hamar urteko obrak izango dira, hasieran aurreikusitakoaren bikoitza, azken aurreikuspena 2026 baita.
Gainkostuei dagokienean, 2017an pasabiderako obrak egiteko hasierako aurrekontua 181,5 milioi eurokoa izan zen, eta horrek obra zibila eta instalazioak estaltzen zituen; urteotan benetan egindako eta ziurtatutako gastua, ordea, “nabarmen handiagoa” izan da. Lugaritz-Mirakontxa zatiko obra zibila 38,1 milioi eurotan esleitu zen eta 47,4 milioi euro gastatu dira, hortaz, gainkostua 9,3 milioi eurokoa da, hau da, %24,41eko igoera. Mirakontxa eta Easo artekoa, aldiz, 53,3 milioi euroan esleitu zen, eta orain arte, 139,8 milioi euro izan dira; 86,5 milioi euroko gainkostuarekin. Hau da, 162,29ko igoerarekin. Alegia, obra zibilaren bi zatiak bakarrik kontuan hartuta, 91,4 milioitan esleitu ziren eta egun, ziurtatutako obra 187,2 milioikoa da, “hasieran aurreikusitakoaren bikoitza baino gehiago, 95,8 milioi euroko desbiderapenarekin”.
Vitoriak azaldu zuenez, Lakuako gobernuak garestitzea eta atzeratzea “ezustekoekin” justifikatu ditu, larrialdi kontratuak eta hurrenez hurren aldatutako kontratuak egitera “behartuz”, eta horiek legezko gehienekoa gainditu ezin dutenean, kontratua eten eta berriro esleituz. Halaber, gauez lan egiteari uzteagatik egindako erreklamazioek ere gastua handitu dute: 3,6 milioiko igoera eragin dute gastuan, eta enpresa kontratistei ordaindu zaizkie. “Herritarren atsedenerako eskubidea hasieratik lehenetsi eta blindatu behar zen, gaueko atsedenaldia oztopatuko ez zuten lan-txanden bidez. Edonola, bidezkoa da galdetzea hori aurreikusteko modurik ez ote zegoen”, gaitzetsi du EH Bilduk.
Aipatutakoez gain, lanek eragin dituzten afekzioek eta auzotarren erreklamazioek erantzunik jaso duten ere kezkatzen ditu. Hortaz, jarduerak eta merkataritza konpentsatzeko neurriak ezarri diren edo ezarriko diren jakin nahi dute. Edonola, Garcia Chuecaren erantzunen arabera, 412 erreklamazio izan dira obrak hasi zirenetik, eta horiek erantzukizun zibileko aseguru batek artatu ditu; beraz, ez dute gastu gehigarririk eragin.