Mirian Arraiza donostiarrak Binakako txapela jantzi du
Enara Gaminderekin batera, Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara mendean hartu dituzte finalean (18-22).

Espero bezain estua eta orekatua izan zen atzo Oiartzunen jokaturiko Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketaren finala. Madalensoro pilotalekua bete zen emakumezkoen pilotari merezi duen ikusgarritasuna emateko. Bi bikote aritu ziren nor baino nor: Mirian Arraiza donostiarra eta Enara Gaminde urdinez jantzita, eta Olatz Arrizabagala eta Arrate Bergara gorriz. Azkenik, urdinek irabazi zuten: 18-22. Horrela, Antiguako aurrelari gazteak Binakako lehen txapela jantzi du. Gamindek, berriz, bere bigarrena.
Arrizabalaga eta Bergararen estrategia saketik tantoa egin edo bigarren pilotakadaren bila joatea izan da. Gamindek hartu du, ordea, urdinen gidaritza, Arraizaren laguntzarekin batera. Hasiera batean, gorriak jarri dira markagailuan aurretik, bost tantoko partziala lortuta (10-5). Bikote urdinak, baina, hortzak estututa, partzial hori murriztu, eta markagailua parekatzea lortu du (11-11). Hortik aurrera, markagailuan alde txikiak izan dira batzuen eta besteen artean, bi tantokoa gehien jota, eta finala bizirik eta zabalik izan da azkenera arte.
Arraiza eta Gaminde aurretik jarri dira 15. tantoa eginda (14-15), baita beste bat ere (14-16), eta gorrien hurrengo tantoaren ostean (15-16), urdinek 15-18koa jarri dute markagailuan. Hala ere, urdinei partida zaildu zaie gorriek hiru tanto jarraian egin dituztenean, markagailua parekatzeko berriro (18-18). Bikote urdinaren erantzuna etorri da orduan, 18 eta 21 jarri baitira aurretik. Ezustekoa emanda, txapelak ez die ihes egin Arraizari eta Gaminderi, eta 18 eta 22 gailendu dira.