MUGI sistemako tarifak eguneratu dituzte
Gaur hasita, txartelik gabeko bidaia hamar zentimo garestiagoa da, 1,85 eurotik 1,95 eurora pasata; MUGI txartelarekin ordainduta, berriz, 0,48 eurotik 0,49 eurora.

MUGI sistemako tarifak eguneratu dituzte eta gaur hasita, hilak 7, txartelik gabeko bidaiaren prezioa 1,85 eurotik 1,95 eurora igaroko da, MUGI txartelarekin ordainduta, berriz, 0,48 eurotik 0,49 eurora. Txartela erabiltzen dutenek, tarifa progresiboak, doako garraio aldaketak eta kolektibo zaurgarrientzako hobariak dituzte. Gainera, pandemia eta gero garraio publikoa sustatzeko eta herritarrei laguntzeko ezarritako deskontuek indarrean jarraitzen dute.
Hala, garraio publikoa zenbat eta gehiago erabili, deskontua orduan eta handiagoa izango da. Txartelik gabekoen tarifekin alderatuta, hilean egindako lehen hogei bidaietan %75eko deskontua ezartzen da, 21. bidaiatik 50.era, %79koa, eta ordutik aurrerakoetan, %95ekoa. Halaber, garraiobideen artean aldaketa egitean, garestiena den bidaiaren prezioa bakarrik ordainduko da. Horrela, intermodalitatea erraztu eta erabiltzaileentzako kostuak murrizten dira. 12 urtetik beherako haurrek doan bidaiatzen dute eta kolektibo zaurgarrientzako hobariak daude, hala nola, gazteak, adinekoak, errenta baxuak dituztenak, familia ugariak, besteak beste, zerbitzua “bidezkoagoa eta irisgarriagoa” izan dadin.