1.000 proposamen inguru aurkeztu dituzte herritarrek Partaidetzazko Aurrekontuetarako

Martxoaren hasieran ireki zuen Donostiako Udalak Partaidetzazko Aurrekontuetarako proposamenak egiteko epea, eta, lehen fase hori amaituta, Eneko Goia alkateak jakinarazi du 966 proposamen jaso dituztela, “aurreko prozesuan baino %50 gehiago”: “Horrek erakusten du herritarrak gero eta gehiago inplikatzen direla beraien inguruarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko prozesuan”, nabarmendu du alkateak.
2026 eta 2027 urteetarako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua da abian dena, eta, beraz, proposamenak urte horietara begira aztertuko ditu orain udalak. Donostian erroldatutako pertsonek ez ezik, hiriarekin lotura duten 16 urtetik gorakoek —egoiliarra izatea, jabetzaren bat izatea, hirian lan egitea edo ikastea eta aisialdia hirian pasatzea da lotura izatea, udalak zehaztu duenez— eta udal erregistroan inskribatutako elkarteek izan dute proposamenak egiteko aukera.
Orain, Herritarren Partaidetzarako zerbitzuak proposamen bakar bat osatzeko moduko antzekotasunak dituzten proposamenak batu egingo ditu, aurretik aukera hori proposamena egin duten pertsonekin kontrastatuta. Ondoren, dagokion udal sailera bideratuko ditu proposamenak. Apiriletik irailera, gai bakoitzean eskumena duen udal sailak proposamen guztiak teknikoki aztertuko ditu, eta, irailaren 29tik urriaren 5era, hemen argitaratuko ditu, donostiarrek bozkatu ahal izan dezaten.
Bozketa fasea urriaren 13tik 26ra bitartean egingo dute, eta horren bidez herritarrek 2026 eta 2027 urteetako aurrekontuetan zein proposamen sartuko diren lehenetsi ahal izango dute. Urte bakoitzeko, 1,5 milioi euro bideratuko ditu udalak aukeratutako proiektuak garatzeko. Diru kopuru horri, hala ere, Ekialdeko Barrutiak barruti horretako proiektuetarako bideratzen duen zenbatekoa gehitu behar zaio, bere aurrekontu osoaren %50. Proiektu bakoitzeko gehienezko aurrekontua 400.000 eurokoa izango da.