Euskal Herria Baterak Donostian antolatu duen ekitaldia babestu dute hiru fundazio esanguratsuk

Sabino Arana fundazioak, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Olaso Dorrea fundazioak babestu egin dute Euskal Herria Batera ekimen herritarrak ostiralerako Donostian antolatu duten ekitaldia, eta horren inguruko adierazpen bateratua aurkeztu dute Bilbon. Euskal Herriaren “burujabetza sendotzeko” eta “erronkei aurre egiteko konpromiso komunitarioa indartu” behar dela nabarmendu dute. Aberri Egun Bateratuaren aurrekari gisa antolatu du ekimen herritarrak ostiraleko ikuskizuna, Kursaalean.
“Herri gisa elkartzeko” baliatu nahi dute Aberri Egun Bateratua, eta ildo horretatik jo dute fundazioetako ordezkariek: “Aurtengo Aberri Eguna munduaren eta, beraz, gure herriaren etorkizuna aldaketa sakonen mende dagoen garai historiko batean ospatuko dugu”, nabarmendu du du Ainara Zelaia Sabino Arana fundazioko lehendakariordeak.
Euskal Herria osatzen duten hiru eremu instituzionalek “erronka berak” dituztela gaineratu du Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko lehendakariak. Horrela, esan du “inoiz baino beharrezkoagoa” dela defendatzea “demokrazia eta gizarte justu eta aurrerakoia”: “Euskal Herrian, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako proiektu bat indartzeko beharra dugu”.
Ildo beretik, “herrigintza aktibo bat behar dugu, belaunaldi berriei aukera emango diena eta tresna politiko eta instituzionalak egokituko dituena”, azaldu du Irati Jimenez Olaso Dorrea fundazioko lehendakariak.