Teresa del Valle antropologo eta ikerlari feminista zendu da

Teresa del Valle antropologo eta ikerlari feminista donostiarra zendu da, 88 urterekin, haren gertukoek jakinarazi dutenez. 1937ko apirilean Donostian jaioa eta ondoren Bilbon hazia, ibilbide luze eta oparoa egin du Del Vallek, emakumearen eta genero sistemen arloan ekarpen akademiko handia eginda, besteak beste.
Hain zuzen ere, bere Mujer vasca. Imagen y realidad azterlana (Euskal Herriko emakumea. Irudia eta errealitatea) Euskal Herriko antropologia feministaren abiapuntuetako bat izan zen. Horrez gain, EHUko Gizarte Antropologiako katedraduna zen, eta Mikronesia eta Euskal Herria izan zituen ikergai hainbat arlotan: antropologia feminista, antropologia politikoa, erritualak, gizarte aldaketa, espazio eta denbora kategoriak, eta abar. 1970eko hamarkadaren bukaeratik, hamarnaka artikulu eta ikerketa argitaratu zituen donostiarrak.
Euskal Herrian, Hawaiin, Mexikon eta Ipar Amerikan garatu zituen bere ikerketak, besteak beste, jabetza eta ahaidetasunari buruzko gaiak, etnizitatea eta erritualei buruzkoak, harreman eta egitura paritarioetan sozializazio berrien eraginari buruzkoak eta emakume eta gizonen boterearen inguruko teorizazioari buruzkoak. Ikerlari eta irakasle lanei esker, Emakunderen Berdintasunerako Saria eman zioten 2010. urtean.