Correoseko langileek mobilizatzen jarraituko dute

Espainiako Correos posta zerbitzuaren langileak mobilizazioak egiten ari dira enpresa publikoak eta CCOO, UGT, CSIF eta SL sindikatuek adosturiko hitzarmenaren kontra. “Akordio berria eta III. Hitzarmen Kolektiboari eranskin bat inposatzeak ondorio larriak izan ditzake lan baldintzetan eta, hedaduraz, ematen dugun posta zerbitzu publikoan”, deitoratu dute langileek.
Hori dela dela, bihar, elkarretaratzeak egingo dituzte; tartean, Donostian. Langile guztien etorkizuna babesteko, CIG, LAB, SIPcte, ESK, Intersindical Canaria, ELA eta Intersindical Valenciana sindikatuek bat egin dute.
Correoseko langileen lan baldintzek okerrera egingo dute hitzarmen berriarekin, azaldu dutenez: “Langileen gastuak % 85etik %70era igaro daitezke bi urtetan, ordainsari erregimena jardueraren neurketa indibidualekin lotu daiteke, lanaldiko orduen %10 aurreikusitako kargaren arabera aldatuko den lan egutegia ezarri daiteke, eta sakondu langileen mugikortasun funtzionalean, geografikoan eta zentroen arteko mugikortasunean. Horrek guztiak eragin zuzena izango du enpleguaren kantitatean eta kalitatean, baita enpresa publikoak egin beharko lukeen komunitatearen aldeko kalitatezko zerbitzu publikoan ere”.
Horren aurrean, etorkizuneko IV. Hitzarmen Kolektiborako eta Akordiorako langileen eskubideei lotutako araudia eskatzen dute, lan baldintzak hobetzeko. Hala nola, soldata, lanaldia, kontziliazioa eta lan osasuna. Correosen kalitatezko zerbitzu publikoaren aldeko apustua eginez. Besteak beste, soldatak KPIarekin lotzeko klausula, asteko 35 orduak ezartzea, egiturazko lanpostu guztiak benetan betetzea eta galdutako milaka lanpostu berreskuratzea. “Madrildik inposatu nahi digutenaren guztiz kontrakoa”, salatu dute.