Hamazazpi urte bete ditu Donostiatruk bigarren eskuko azokak
Larunbatean egingo dute azoka hori Tabakaleran, eta ingurumenarekiko sentsibilizazio lantegiak eta ekintzak ere egingo dituzte jardunaldian zehar.

Donostiatruk hilero egiten den bigarren eskuko azoka txikiak hamazazpigarren urteurrena ospatuko du aurten. Donostiako Udaleko Ingurumen Zinegotzigoak kudeatzen du, eta urte hauetan guztietan, ekitaldi hau “hondakinak prebenitzeko eta kontsumo arduratsuagoa eta jasangarriagoa sustatzeko ekimen erreferente gisa” finkatu dela adierazi du sail horrek.
Hurrengo azoka txikia apirilaren 12an izango da, larunbatean, 10:00etatik 14:00etara, Tabakaleraren barruko plazan. Donostiatruken eros eta sal daitezkeen produktu gehienak etxeko produktu arruntak dira: arropa, osagarriak, jostailuak, liburuak, diskoak, dekorazio objektuak eta etxeko tresnak.
Jardunaldian zehar, ingurumenarekiko sentsibilizazio lantegi eta ekintzak ere egingo dira. Horietan, parte hartzaileek objektu berrerabilgarriak egingo dituzte, erabilitako materialak baliatuz, hala nola kartoiak edo oihalak. Gainera, pizgarri moduan, apirilaren 12ko azoka txikian erosketaren bat egiten duten pertsonen artean, bi pertsonentzako bazkari edo afari bat zozketatuko da. Orburu jatetxe begetarianoan izango da, Antigua auzoan.
Emauseko zuzendari Aitziber Zubillagak adierazi duenez, azoka txiki hori “balio handikoa” da. Azokaren erakunde laguntzailearen zuzendaria den aldetik, honako hau azpimarratu du: “Ingurumena zaintzeaz gain, jarduera horrek eragin sozial eta ekonomiko positiboa sortzen du. Zehatz esan, logistikaren eta merkataritzaren eremuetan laneratzeko lanpostuak sortzea ahalbidetzen du, gizarte bazterkeriako arriskuan edo egoeran dauden pertsonei ibilbide soziolaboralak aurkitzeko aukerak eskainiz”.
Fundazioak nabarmendu du, bestalde, horrelako ekimenek “kontsumo arduratsuagoarekiko sentsibilizazioa” sustatzen dutela, gizarte ekonomiaren printzipioetan oinarrituta.