IGEa «kaltegarria eta diskriminatzailea» dela dio PPk

Borja Corominas PPko udal bozeramaileak prentsaurrekoa eman du asteazken goizean udaletxean, Donostiako Isuri Gutxiko Eremuari eta hiriko airearen kalitateari buruz hitz egiteko: “Hiriko airearen kalitatea neurtzeko sei estazioen datu ofizialek kutsadura arazo nabarmenik ez dagoela baieztatzen dute, eta horrek erakusten du Isuri Gutxiko Eremua (IGE) ezartzea ez dela beharrezkoa eta diskriminatzailea eta kaltegarria dela”, adierazi du.
Ildo horretatik, popularrak salatu du IGEak “baliabide ekonomiko gutxiago dituzten eta autoak arau berrira egokitu ezin dituzten donostiarrak diskriminatzen” dituela, baita “erdigunean konpondu nahi diren arazoak auzo periferikoetara kanporatzen” dituela ere.
“Premisa engainagarria”
Corominasen arabera, “premisa engainagarri” batean oinarritzen da IGEa: “Europako Batasunak ez du eremu horiek inposatzera behartzen; ingurumena hobetzeko neurriak gomendatzen ditu. Gure hirian IGE bat ezartzea gomendio horren interpretazio behartua eta erabat okerra da”. Zentzu horretan, EAJ eta PSE-EE jo ditu erantzule zuzentzat, udal gobernuko bi alderdiak, alegia.
Era berean, gogorarazi du Frantziako Estatuan IGEak kentzea erabaki dutela: “Frantzian IGEen inposizioari ezetz esan badiote, guk ere birplanteatu dezakegu gaia, eta hala egin behar dugu”. Horrez gain, gaineratu du Donostian dagoeneko badagoela martxan IGE bat: “Parte Zaharrekoa. Inguru horrek ondo funtzionatzen du eta dagoeneko betetzen du ingurune sentikor bat motordun trafikotik babesteko helburua”.
“Donostiak dagoeneko betetzen ditu airearen kalitatearen estandarrak. Lehentasuna oreka horri eustea izan behar da, bizilagunak zigortu eta hiria hausten duten debekuetara jo gabe”, gehitu du.