Lurra, justizia eta bakea aldarrikatu dituzte Palestinarentzat

Gernika-Palestina herri ekimenak antolatuta, Palestinaren aldeko elkarretaratzeak egin zituzten astearte arratsaldean Euskal Herriko hainbat herritan, baita Donostian ere. Hain zuzen ere, Alderdi Ederren elkarretaratu ziren herritar ugari 19:00etan, eta “lurra, justizia eta bakea” aldarrikatu zituzten Palestinarentzat, Israel palestinarren aurka gauzatzen ari den genozidioa salatzearekin batera.
Jon Maia bertsolariak idatzitako komunikatua irakurri zuten amaieran: “Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko! Nahikoa da esateko! Eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik, Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira”.
Salatu zuten, halaber, “jasanezina eta onartezina” dela “genozidio anker honek segundo bakar batez gehiagoz jarraitzea mundu osoaren begien aurrean”. “Ez dugu onartuko Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik”, gaineratu zuten. Era berean, argi adierazi zuten Palestinaren aldeko borroka “justizia unibertsalaren aldeko borroka” dela: “Gutako bakoitzaren eta gure seme-alaben etorkizuneko munduaren borroka da”. Horrela, herritarrak Palestinaren alde mobilizatzen jarraitzera deitu zituzten.





