Stay Blues bueltan da, kontzertu baterako

Stay Blues talde donostiarrak duela hamar urte baino lehenago eman zuen amaitutzat bere ibilbidea, baina, orain, berriz elkartzea erabaki dute, kontzertu bat emateko. Maiatzaren 15ean izango da emanaldia, Tabakalerako Kutxa Fundazioa Kluba aretoan, 20:00etan; sarrerak hemen daude salgai. Donostiako eta inguruko blues zaleentzat zita ezinbestekoa izango da.
Alvaro Fernandez Gaviria harmonika jotzaileak eta Paul San Martin pianista eta abeslariak sortu zuten taldea, eta laster batu ziren Fernando Lucho Neira baxu jotzailea eta Karlos Aranzegi batera jotzailea. Musikariek euren ibilbidearekin jarraitu dute urteotan, eta inguruko blues eta jazz musikari onen artean daude.
Hiriko zein inguruko areto txiki eta jaialdietan —Jazzaldian, besteak beste— bluesa jotzen aritu zen hamar bat urtez Stay Blues, baita 2007an Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin euren disko bakarra argitaratu ere. Taldea 1998tik 2009ra arte egon ziren aktiboan.