Aste Santurako egitarau berezia prestatu du Euskal Itsas Museoak

Euskal Itsas Museoak egitarau berezi bat prestatu du Aste Santuko oporraldira begira, bai museo barruan eta bai Donostiako kaian. Halaber, ordutegi berezia izango du museoak Aste Santuan: osteguna, ostirala eta igandea, 11:00-14:00 eta 16:00-19:00; larunbata, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00 eta, astelehena, 11:00-14:00.
Alde batetik, hilaren 19an, larunbata, Kofradia Itsas Etxearekin eta Isturitz I ontziarekin elkarlanean, urteko Bizi Donostiako portua lehen bisita eskainiko du Euskal Itsas Museoak. Bertan, 15 euroren truk, “Jarana auzoaren sekretuak ezagutarazteaz eta itsasontzia bisitatzeaz gain, bisitariek Kofradia Itsas Etxean pintxo bat dastatzeko aukera izango dute”, azaldu du museoak.
Horrez gain, museoan dagoen Mare Clausum erakusketa ikusteko bi bisita gidatu antolatu dituzte, bat hilaren 19rako (gaztelaniaz) eta beste bat 26rako (euskaraz), biak 12:00etan eta 3 euroko sarrerarekin. Museoko bitartekari batek gidatuko du bisita, eta “Norena da itsasoa?” galderari erantzuten saiatuko da.
Azkenik, museoak Pazko astean haurrekin aldi baterako erakusketa bisitatzeko modu dibertigarri bat prestatu du: hilaren 24an, familiek mapa bat erabili ahal izango dute, pista jolas moduan, erakusketaren sekretuak ezagutu ahal izateko. 7 urtetik gorakoentzako da jarduera, 11:30ean izango da eta 3 euroko kostua izango du haur bakoitzeko. Museoaren webgunearen bidez aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da.