Baso bainu saio bat egingo dute igandean Ulian
Cristina Enea Fundazioak antolatutako jarduera euskaraz aurrera eramango dute, eta beharrezkoa da aurrez izena ematea.

Baso bainua edo shinrin yoku duela 40 urte Japonian sortutako metodologia bat da, estresa gutxitu eta naturguneak balioesteko helburua duena. Cristina Enea Fundazioak saio bat antolatu du iganderako, Ulian. Basora elkarteko Violeta Toranek zuzenduko du jarduera eta euskaraz aurrera eramango dute.
Baso bainua ez da mendian barrena ibilaldi bat edo landare eta animaliak identifikatzekoa. “Naturan oinarritutako ongizate praktika bat da”, adierazi du Toranek, eta xede du “zentzumenen bidez naturarekin konektatzea”. Horretarako, basoko estimuluak, hala nola, soinuak, koloreak edota testurak, esperimentatzen saiatzen dira; eta horrek onura fisiko eta mentalak dakartza. Esaterako, “sistema immunologikoa indartzea edo osasun kardiobaskularra hobetzea” edota “estresa kudeatzen eta oroimena, kontzentrazioa, sormena eta intuizioa bezalako trebetasunak sustatzen” laguntzen du.
Parte hartzaile kopurua mugatua da eta pertsonako bost euroko kostua du. Interesa dutenek aurrez izena eman behar da fundazioaren webgunean.