Bigarren greba eguna egin dute Gizarte Ekintzako langileek

Lau lanuzte eta greba egun bat egin ondoren, bigarren greba eguna egin dute gaur Gizarte Ekintzako langileek. Goizean, auto karabana bat abiatu da protesta Donostiako auzoetan zehar zabaltzeko, eta ondoren, elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, Ijentea kalean. Grebaren jarraipena “oso arrakastatsua” izan dela ziurtatu dute langileek.
Elkarretaratzean, Maialen San Sebastian gizarte langileak hedabide honi azaldu dionez, bigarren mobilizazio zikloarekin hasi dira gaur, lau lanuzte eta greba egun bat egin ostean, udalaren aldetik ez dutelako erantzunik jaso: “Apirilean zehar, bost greba egun ditugu antolatuta. Gaur, auto karabanarekin auzoetan kartelak jarri ditugu pairatzen ari garena adierazteko, eta biharko greban, manifestazioa egingo dugu”.
EAJren partetik erantzunik ez dutela jaso adierazi du San Sebastianek: “Batzorde burua Marijo Idoeta da, eta ez digu inolako erantzunik eman. Eta Eneko Goia alkatearen aldetik ere ez dugu horrelakorik jaso”. EH Bilduk eta Podemosek beraien kezka adierazi dutela gaineratu du, baina orokorrean, “udalaren partetik” ez dutela inolako erantzunik. Hain zuzen ere, horregatik antolatu dituzte greba egun horiek.
Aste Santuaren ostean, hilaren 28an, 29an eta 30ean, egingo dute greba. Arazoa konpontzen ez bada, mobilizazioekin aurrera jarraituko dute. “Azken finean, ez da soilik gure kontua. Guk eskaintzen dugun zerbitzua herritarrentzako zerbitzu bat da, eta kalitatezko zerbitzu bat eskaini nahi badugu, erantzun bat jaso beharra dugu”, nabarmendu du gizarte langileak.
Gaurko grebaren jarraipena %100ekoa izan dela azaldu dute, eta eskaintzen dituzten zerbitzuak ez daudela martxan greba egun hauetan.
Manifestazioa
Bihar, apirilak 11, udaletxetik 11:00tan abiatuko da manifestazioa, eta hiritar guztiei parte hartzeko deia egin diete Gizarte Ekintzako langileek.









