Bigarren urteurrena ospatuko du Donostiako Zentro Sozialistak

Larunbatean, Donostiako Zentro Sozialistaren II. urteurren festa ospatuko du Donostiako Kontseilu Sozialistak egitarau zabalarekin.
Arratsaldeko 16:00etan auzoen arteko herri kirol desafioa egingo dute Egian. 18:00etan, Arte Gelaren aurkezpena egingo dute, marko apurtu ikus entzunezkoaren proiekzioarekin. 18:30ean, Kinkyteto taldearen emanaldia eta Jam sesioa izango dira.
Iluntzeko 21:00etan Lurdes Ondaro eta Mikel Iturriotz bertsolariekin bertso afaria izango da. Prezioa 12 eurokoa izango da eta tiketaak Urka, kaktus eta Adin tabernetan eskuratu daitezke. Gauean, kontzertuak izango dira zentroan bertan, Herenegun, Indabe eta ZKN Brothersen eskutik.
Apirilean, bi urte
Donostiako Kontseilu Sozialistak 2023ko apirilean jakinarazi zuen Zentro Sozialista bat ireki zuela Egia auzoan, eta espazio hori “klase independentzia ardatz duen”estrategia aurrera eramateko erabiliko zuela, hala nola, langileria antola dadin.
Sukia enpresak zentroa husteko prozedura judiziala jarri zuen martxan, eta horri loturiko bista zegoen abenduaren hasieran. Ordea, mugimendu sozialistak akordioa lortu zuen eraikuntza enpresarekin eta, azaldu zutenez, “hainbat urtetarako bertan gauzatzen den jardunarekin jarraitzeko bermeak” lortu zituzten.